Berritasun bat dakar Festibalak: hiru eguneko esperientzia digitala. Irailaren 26an hasi eta urriaren 22ra arte luzatuko da festibala
Udagoienean loratzen da lelopean, Loraldia Kultur Elkarteak online bidezko aurkezpena egin du, “ez da erreza izan, baina sormena da irtenbidea leloa aldarrikatu eta festibala berreskuratu dugu”. Hala, udagoieneko edizio honek ere euskal kultura izango du oinarri, “Loraldiak ezin baitu sortzaileen aldeko lana bazterrean utzi”. Jaialdiak beraz, Euskal Herriko zein nazioarteko pertsonak ekarriko ditu gurera, “Loraldiaren sormenak ez baitu mugarik”, adierazi dute antolatzaileek.
Irailaren 26an hasi eta urriaren 22ra arte luzatuko da festibala. Oraingo honek, gainera, berrikuntza bat dakar: hiru eguneko esperientzia digitala. “Osasun krisia dela eta, Loraldia Udagoiena jaialdiko ikuskizunak mugatuta daude, edukiera mugatuta dago, kultura gozatzen dugun pertsonen arteko harremana mugatuta dago, eta proposamenak sortzen dituzten pertsonekiko eta artistekiko hurbiltasuna mugatuta dago”. Festibalak, baina, gaurko sasoi likidoei erantzun nahi die. “Teknologiari esker mundura jalgiko da Loraldia. Izan ere, aro berriari bide berriak dagozkio.
Antolatzaileen esanetan, programa berri honen parte izango diren ekintzek nortasun propioa dute eta presentzialen osagarri dira.
Hala, lehenengo egunean, urriak 4, Kanta batek mundua eral dezake? galderari erantzuten saiatuko dira. Noam Chomskyren Manipulazio mediatikoaren 10 estrategiak abiapuntu hartuta, Harkaitz Cano idazlearen, Petti musikariaren eta Ana Galarraga aurkezlearen arteko solasaldia izango da. Horrez gain, Manipulazio Estrategiak kontzertuarekin hamaika kantuz gozatzeko aukera izango dugu. Solasaldiak, kantuak… Parte hartzeko aukera ere egongo da.
Urriaren 8an, berriz, Alos Quartet laukoteak Lau izeneko diskoa aurkeztuko du zuzenean eta horrekin batera taldearen 20. urteurrena ospatuko dute. Sormen festa honetara bi dantza unibertso gonbidatu dituzte: alde batetik, Aukera Dantza Konpainia, sustraietatik sortzen diren soinuei kolore eta mugimenduz janzteko; bestaldetik, Amaia Elizaran, dantza garaikidearen irudimena eszenaratzeko. Hauekin batera, Oskorri taldeko kide ohi batzuk, Gorka Hermosa eta Aitor Etxebarria izango dira, besteak beste. Ikuskizun osoa zuzenean eskainiko da streaming bidez.
Hirugarren eta azken emanaldia, urriaren 18an izango da, Gure herriaren soinu banda lelopean. Mikel Urdangarinek solasaldia eta kontzertua eskainiko du, lehenengoa Ilaski Serranoren laguntzaz. Kantautorea lehenengoz arituko da bakarrik pianoarekin oholtza gainean. Karmele Jaio, Elizabeth Macklin eta Txani Rodriguez ere izango dira saio honetan.
Bide digital hauek, edukiera-mugak ezartzen duena baino jende gehiagorengana heltzeko aukera emango duela dio antolakuntzak.
Esperientzia digitalak eskainiko dituen ikuskizunez gain, ohiko zuzeneko hamaika ekitaldi izango ditugu. Diziplina anitz, askotariko formatuak eta mota ezberdinetako ekintzak burutuko dira. Udazkeneko edizio honetan antzerkia, dantza, musika, literatura, artea eta bertsolaritza presente egongo dira. Euskal kulturaren adierazpen berritzaileenak plazaratuko dira.
Egitaraua osorik ikusteko, hemen.