Aurtengo jarduera multzoa Eraldaketa izenpean garatuko da, irailaren 18tik urriaren 25era, Iruñean, Atarrabian eta Uharten.
Mapamunditarrak ekimenak bere hamalaugarren edizioa du aurten eta gorputzek izaten dituzten eraldaketa prozesuak arakatzera eta horren irudikapena aztertzera bideratu da. Aurtengo jarduera multzoa Eraldaketa izenpean garatuko da, irailaren 18tik urriaren 25era, Iruñean, Atarrabian eta Uharten.
Ekimenaren bidez, Caroline Delieutraz, Blanca Gracia, Pablo Lerma, Helena Goñi, Mireya Martin Larumbe eta Jorge Martinez Uharte artisten erakusketak Iruñean, Atarrabian eta Uharten ikusi ahal izango dira. Horrez gain, urriaren 3an, larunbatean, performance bat egingo da Nafarroako Museoan. Programak haur, gazte eta helduei zuzendutako arte-hezkuntzako ildoa mantentzen du.
Bideo-animazioa Labean
Blanca Graciak Hipnosia (2018) bideo-animazio pieza aurkeztuko du Labean. Lanak ikusleak munduan duen tokia topatzea du helburu, egungo egoera sozio-politikoari buruz hausnarketa eginez, bidenabar mezu bat bidalita: bertatik ihes egin beharra dago.
Goi-unea bi bariaziotan (2017) izeneko bideoa da erakusketa honetako bigarren elementua, bertan, sortzaileak irudi errealak eta animaziozkoak batuko ditu, mummers play bat egiteko.
Labea izango da aurten aukeratutako tokia, Iruñeko eta Iruñerriko ikastetxeek Arte-hezkuntzako Mapamunditarrak ikasgela programarekin bat egin dezaten. Bertan, baina baita etxean ere, ikus-entzunezkoa ikusi ondoren, banakako jarduera bat egin beharko dute: ariketa plastiko bat proposatuko da eraldaketari eta honek bata bestearen segidan eragiten dituen ondorioei buruz. Pandemiari aurre egiteko osasun-segurtasun neurriek ahalbidetzen badute, talde txikiei zuzendutako bisita gidatuak egingo dira eskola-orduetan.
Mistoen eraikina
Maskarak, siluetak eta argazkiak, horiexek dira Mistoen eraikinean urriaren 25era arte ikusgai egongo diren bi erakusketen osagaiak. Hala, 1. aretoan, Caroline Delieutrazek Trolls Just Want to Have Fun (2019) instalazio berriarekin bisitariari harrera egingo dio. Troll sare sozialetako pertsonaia ilunen 24 maskaraz eta siluetez osatuta dago. Lan hau Fantastic Blue (2019) bideoarekin solasean dago; artistak Instagram sare sozialaren bidez ikusleen eskura jarritako filtro urdina erabiliz internautek atera dituzten selfiak biltzen ditu. Esparru horretan ere Blue Même (2010) bideoa aurkeztuko du, Delieutrazen lehen lanetako bat da eta bertan azala urdina duen humanoideen fotogramak biltzen ditu sortzaileak: erdi gizaki erdi estralurtar diren izaki hibridoak, gizaki urdinaren idealaren inguruan komunitate bat osatzen dutenak.
Eraikineko 2. aretoan, berriz, Pablo Lerma argazkilariak collage sorta bat egongo da ikusgai: A Frame of Darkness. Ikerketa prozesu honetan, argazkilaritzaren historian zehar gay komunitateak eta bere familiek duten presentzia eskasa azpimarratzen du. Horretarako, zenbait artxibo arakatu ditu, adibidez, New Yorkeko J. Cohen Collection bilduma, Amsterdameko zenbait bilduma pribatu edo Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko fototeka. Bilduma hauetatik paisaia adina erretratu aukeratu ditu, eta horiek berrerabili ditu artxiboak ikusi ondoren aurkitu dituen gabezietatik edota xehetasunetatik abiatuta eraikitako maskulinitatearen ikonografia proposatzeko.
NUP, Uharte Zentroa eta Nafarroako Museoa
Bestalde, Helena Goñiren (Bilbo, 1990) ‘Tell me how close we are to a riot’ erakusketa ikusgai dago Sarion (NUPeko Campusean). Honetan, argazkilariak 2008ko krisian hazitako gazte-komunitatearen belaunaldiko erretratua egiten du, Bilboko punk azpikulturaren testuinguruan.
Halaber, Mireya Martinek (Iruña, 1980) eta Jorge Martinezek (Iruña, 1966) Fase-aldaketa gelan (Uharte Zentroa) izenburua duen prozesu artistikoa abiatu dute elkarrekin, habitatu eta sortzearen ideiaren inguruan. Ostiral arratsaldeetan ikusleekin topaketak egingo dituzte bere lantegian eta urriaren 23an, 18:30ean, prozesu honen ondorioak aurkeztuko dituzte.
Azkenik, urriaren 3an, larunbatean, 19:00etan, sorkuntzarekin beste hitzordu bat: soinu-perfomanceari eskainitako saio bat, Anna Holveck-en (Paris, 1993) eskutik. Artista bisual eta konpositore gazteak bere ekintzen bideoen hautaketa aurkeztuko du eta performancea eginen du, Benetako arrantzaleak berak ezkutatu zuen arraina harriaren atzealdean izenpean, Nafarroako Unibertsitateko Museoaren atondoan.
Pablo Lermaren Arga urriaren 25era arte egonen da ikusgai Atarrabiako pilategian: zuhaitzei egindako argazkien bilduma eguzkiaren argi aldakorraren fokupean, eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren funtsaren argazkiak. Agiriotan, ibaia hiriaren garapenerako funtsezko elementu gisara agertzen da, baita bertako biztanleengan duen eragina ere.
Programa osoa ikusteko, hemen.