(Euskaraldia)

Euskaraldian izena emateko epea zabalik da

Ariketa sozialaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, 15 egunetan ahobizi edo belarriprest roletan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek.

Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko epea zabalik da jada. Aurreko edizioan egin zuten moduan moduan, ahobizi eta belarriprest rolekin parte hartuko dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den ariketa sozialeko parte hartzaileek. Koordinazio lanetan ari diren eragileek aurkeztu dute gaur Gasteizen bigarren edizio hau eta parte hartzeko dei zabala egin diote gizarteari.

Euskaraldia hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala dela gogora ekarri dute antolatzaileek, euskararen erabilera bultzatzeko ariketa. Euskaraldiko partaideak beraien hizkuntza ohiturak aztertu eta aukeratzen duten rolaren arabera arituko dira 15 egunez. Aurreko edizioan bezala, bi rol izango dituzte aukeran izena ematen dutenek:

Belarriprest: Beraiekin euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute.

Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti.

Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. Euskara ulertzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena. Modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran aurrerapausoak eman nahi dituzten lagunek 15 egunetan bete nahi duten rola erabaki eta izena eman ahal izango dute, azaroaren 20tik abenduaren 4ra dagokien rolaren txapa jantzita ariketa egin ahal izateko.

Oraingoan ere aniztasunari eustea izango da helburua, iaz gutxiago parte hartu zuten adin tarte eta profiletan sakonduz: 16-30 urte arteko gazteak, gizonezkoak eta belarriprest jokabidea hartuko dutenak.

Parte hartzeko dei zabala egin dute Gasteizen egindako agerraldian egondako eragile eta ordezkari guztiek.

Izena emateko hiru bide egongo direla azaldu dute: euskaraldia.eus webgunea, batetik, herriz-herri antolatuta dauden batzordeen bidez, bestetik, eta azkenik, datorren astetik aurrera eskuragarri egongo den telefono aplikazioaren bidez.

Covid 19 garaian ere beharrezko ariketa

Agerraldian hitza hartu duten ordezkariek bigarren Euskaraldian Covid-19 pandemiak sortu duen egoerak eragina izango duela nabarmendu dute. Gizartea kolpatu duen pandemiak euskaran ere eragina izan duela azaldu dute agerraldian. Horregatik, Euskaraldia, duela bi urte modura, euskararen erabilerari bultzada emateko ariketa praktiko eta motibagarria izatea dute helburu antolatzaileek.

Hala ere, 4.300 baino gehiago dira ariguneak sortzeko izena eman duten entitateetako zentroak, eta guztira 13.000 arigunetik gora egongo dira. Era guztietako entitateek ariguneak sortu eta Euskaraldian inskribatzeko epea datorren irailaren 27an itxiko da, eta urrian zehar jakin ahal izango dira behin-betiko datuak.

Ekitaldia arratsaldean

Izen-ematea abiatzeko ekitaldia egingo da gaur osteguna, irailak 24, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Bergarako Seminarixoan. Ekitaldian, besteak beste, Euskaraldiaren bigarren edizioaren kantua eta bideoklipa aurkeztuko dira.

Zabaldu: