Galder Perezek ‘Lurrun-minez’ antzezlana estreinatuko du Bilbon

Urriaren 1ean eta 2an taularatuko du obra Loraldia jaialdiaren barruan.

Galder Perez antzerkigile eta kazetariak Lurrun-minez obrarako testua ondu zuen iaz, eta lan horrekin Cafe Bar Bilbao saria ere irabazi zuen euskarazko gidoi onenagatik. Orain, lan horretatik sortutako antzezlana Bilboko La Fundición aretoan estreinatuko du, urriaren 1ean eta 2an, Loraldia jaialdiaren barruan.

Perezen antzezlanak Gabon gau batez gay sauna batean dauden hiru gizonen arteko harremanak ditu oinarri. “Hiru mariken arteko drama psikologiko, sozial eta sexuala da”.

Daviden erreinua izeneko gay sauna batean gertatuko da ezusteko topaketa. lurrun  artean desirak, jaia, frustrazioak, erakarpen sexualak, boterea eta beste hamaika kontu labainkor nahastuko dira.

Alexek, 30 urte ingurukoak, bertan lan egiten du. Bere buruari “Mari Matraka Erregina” deitzen dio. Oskarrek berriz, 44 urte inguru dituen institutuko irakaslea da, saunako ohiko bisitaria. Azkenik, Jesusek 19 urte ditu eta lehengoz joango da gay sauna batera.

Gabon gauean itxita egon behar luke saunak, baina Alexek bare kabuz irekitzea erabakiko du, opari ederren bat jasotzeko esperantzarekin. Beste pertsonaiak iritsi ahala, lurrun artean ezin ikus daitezkeen hariak argitara azaltzen joango dira, askatzeko zaila izango den lokarria sortu arte.

“Parranda orgia moduko bat izan nahi du gauak, baina dibertimendu eta libertimenduan bizirauteko ospakizunak, kontraesanek, gezurrek eta minek bustitako lurrun gaua izaten bukatuko du”. Izan ere, gorputzek jaia eta politika egin nahi badute ere, herentzia pisutsua jasaten dute oraindik, benetako borondate askeak zapuzten dituen herentzia soziala. “Desirak eta beldurrak, alkohola eta pasioa, ezinegona eta nahiak, izerdia eta lurruna, beldurrak eta beharrak. lumak, gorputzek eta arimak nahastuko dituen koktela izango da gabon gau hau”.

Perezen obrak hausnartzera eraman nahi gaitu. “Botere harremanek leku nagusia dute, baita horien aldakortasunak ere. Botere harremanak ezberdinak dira posizio sozialaren, adinaren edota bizitzarekiko jarreraren arabera, adibidez. Maritxuen artean intragenero biolentzia gerta daiteke. Gizarte hetero-patriarkalean, hiru pertsonaia hauek, sehaskan gizon kontsideratu zituzten heinean, pribilegioak jaso zituzten eta baita herentzian biolentzia jaso ere. Batzuek zama gehiago ere badute, maitasun erromantikoa eta honen ondorioz datozen frustrazioak, kasu. Baina beharrezkoa ote da horrenbeste identitateren gaineko etiketa, horrenbeste teoria? Edo dena justifikatu eta azaldu behar hau ez ote da bestelako botere batengandik jasotako herentzia kontserbadore patriarkala?”.

Lan taldea

Taula gainean, Pelayo Serrano, Gaizka Chamizo eta Jon Koldo Vazquez aktoreak ikusiko ditugu Olatz Gorrotxategiren gidaritzapean. Joseba B. Lenoir bere aldetik, Perezek sortutako obrari zuzeneko musika jartzeaz arduratuko da.

Zabaldu: