Online denda eta zuzeneko egitaraua egongo da 55. Durangoko Azokan

Egitaraua streaming bidez eta bertatik bertara jarraitu ahal izango da, edukiera mugatuarekin. Espazio bi egongo da: Landako Gunea eta Plateruena. Ane Pikazak Azokako taupada koloretsuak islatu ditu 55. edizioko kartelean

Aurtengo Durangoko Azoka “ez-ohikoa” izango dela iragarri du Gerediaga elkarteak. Edizio honetako nobedade nagusiak aurkeztu ditu gaur Azokako antolakuntzak, kulturaren plaza osatzen duten erakunde eta eragileen ordezkaritza zabalarekin egindako prentsaurrekoan, Plateruena Kafe Antzokian. Bertan azaldu den bezala, berritasun ugari izango ditu kulturaren plazak, osasun-egoerak baldintzatuta.

Aldaketa nagusia erakusmahaiekin lotuta egongo da: aurten ez da stand-ik egongo Landako Gunean. Horren ordez, Durangoko Azokako webgunean denda birtuala sortuko da estreinakoz eta azokazaleek bertan erosi ahal izango dituzte produktu guztiak, abenduaren 4tik 8ra arte. Landakon egon ohi diren liburu, disko, ikus-entzunezko eta gainontzeko sormen-lanak eskuragarri egongo dira bertan: “klik egin eta aukeratutako DA! produktu-sorta jasoko du kulturzaleak bere etxean. Honakoa izango da Azokako salerosketa gune bakarra aurtengo edizioan”.

Egitarauak ere, bere aldetik, aldaketa nabarmena izango du. Azokak espazio bi izango ditu bost egun horietan: Landako Gunea eta Plateruena. Hauetan diziplina ezberdinetako ikuskizun eta ekitaldiak egongo dira: kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak… edukiera mugatua izango da eta aldez aurretik erreserba egin beharko da. Azaroan jakinaraziko da zein den Azokako egitaraua eta orduan irekiko da sarrerak eskuratzeko epea publikoarentzat, doan.

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak azpimarratu duenez, “guztiontzako segurua den Azoka” antolatzea izan da helburua, eta horregatik erabaki da azkenean denda bere osotasunean birtuala izatea eta kultur egitarau presentziala mantentzea, edukiera mugatuarekin. “Hamaika egoera posible aurreikusi eta baloratu ditugu. Agian aukerarik errazena zen aurtengo edizioa bertan behera uztea, baina uste dugu kulturak inoiz baino gehiago behar duela Azoka; sortzaileek behar dutela plaza; argitaletxe eta diskoetxeek erakusleihoa; eta jendeak zuzenekoak bizitzea eta nobedadeez gozatzea”.

Mujikak gogoratu duenez, Azokako salmentak argitaletxe eta diskoetxeen fakturazioan pisu handia du, Siadecok egindako ikerketaren arabera, %22koa da batez beste, eta, beraz, “inoiz baino garrantzitsuagoa da plaza hau eskaintzea”.

TaupaDA! lelopean, Azoka abenduaren 4tik 8ra arte antolatuko da, hots, hasieran aurreikusitakoa baino egun bat gehiago izango du. Horren arrazoi nagusia Ikasle Goizaren aldeko apustua da: presentzialki egingo ez bada ere, ikasleek birtualki hainbat jarduerez gozatzeko aukera izango dute abenduaren 4an.

Mujikak nabarmendu duenez, Durangoko Azokak erronka handia du aurrez aurre: “Azokak erakutsi du bere 55 urteko ibilbidean garai berrietara egokitzeko gaitasuna, eta aurtengoan ere hala egin beharko du, bere identitatea galdu gabe. Presentzialki ezinezkoa izango den arren, plaza digitala eskainiko dio euskal kulturari”.

Antolakuntzarentzat, “ezinbestekoa izango da denon indarra eta konpromisoa Azoka arrakastatsua antolatzeko: erakundeak, herri-mugimendua, sortzaileak, banatzaileak… eta baita kulturzaleena ere. Dei egiten diegu kulturzaleei Azokaz beste modu batera gozatzeko: online denda kuxkuxeatzeko, streaming bidez ekitaldiak jarraitzeko, klik egin eta gustuko liburu edo disko eskuratzeko… 2020ko Durangoko Azoka izan dadila arnasa kultur sektorearentzat. Entzun daitezela ozen, Durangon, Euskal Herriko etxeetan eta munduan guztion bihotzetako taupaDAk!”.

Kartelaren egilea: Ane Pikaza

Durangoko Azokako taupada ez da geldituko 55. edizioan, eta horren isla da aurtengo kulturaren plazaren irudia. Kartelaren egilea Ane Pikaza ilustratzaile eta aktorea da (Bilbo, 1984), eta bertan kolorez jositako bihotz bat irudikatu du paisaia grisaren gainean, TaupaDA! leloa jarraituz: “Kultura mugimenduan dagoen zerbait dela azaleratu nahi nuen, egoera latzenetan ere kolore biziz loratzen dena”.

Aitortu duenez, “inpresio handia” eragin zion Durangoko Azokako kartela egiteko eskaerak. “Urtero-urtero hurbildu izan naiz azokara ikusle, entzule eta irakurle moduan. Aurten, ordea, handiagoa da erantzukizuna; Durangoko Azokak nigan sortzen duen emozioaren zati txiki bat zuei guztioi helarazten saiatu naiz”.

Kartelean Durangoko Azoka osatzen duten diziplina guztiak agertzen dira: literatura, musika, dantza, ikus-entzunezkoak… “Bizitzen ari garen egoera grisean kultura gure bizitza loratzen duen taupada izateaz gain, etengabeko eraikuntzan eta sorkuntzan dagoen bihotza garela ere irudikatu nahi izan dut. Eraikuntza horretan guztion partaidetza da ezinbestekoa; arlo guztietako sortzaile, teknikari, eragile zein publikoarena berarena. Denon artean elikatzen dugu taupada amaigabe hori”.

Zabaldu: