Denetara 84 lan eskainiko dituzte aurtengo edizioan.
Covid-19ak eragindako eragozpenak alde batera utzita, Bilboko Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak eutsi egin dio emakumeen eta gizonen arteko programazio eta zabalkunde orekatu bat eskaintzeko asmoari.
Urriaren 15etik 22ra egingo da aurtengo jaialdia, Bilboko Alondegiko Golem aretoetan. Dena den, aldez aurreko emanaldiak eta emanaldi paraleloak ere egingo dira beste egoitza batzuetan ere.
Hamabigarren edizio honetan, mila obra baino gehiago aurkeztu dira lehiaketan parte hartzeko. Horietatik 84 hautatu dira, 46 herrialde eta lurraldekoak, eta emakumeen ordezkaritza ikusgai egongo diren filmen % 45era iritsiko da.
Guztira, 450 emanaldi izango dira, 24 egoitzatan banatuak. Hala, Bilboko Alondegiko Golem aretoak egoitza nagusia izan arren, Zinema Ikusezina Barakaldon, Elorrion, Erandion, Getxon, Iurretan, Leioan, Mungian, Portugaleten, Sestaon eta Gasteizen ere izango dugu. Antolakuntzak azpimarratu duenez, leku horietako hamalau Bizkaiko Batxilergoko eta Lanbide Heziketako institutuak dira.
Inaugurazio ekitaldia gaur izango da, 19:30ean, Alondegian. Bertan, lau film labur proiektatuko dira, haien artean, Mateoren ama, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren azken film laburra. Biak Moriarti ekoiztetxearen sortzaileak dira, eta sari ugari jaso dituzten filmak produzitu dituzte, hala nola, La Trinchera infinita, Handia eta Loreak.
Sariak emateko ekitaldia, berriz, urriaren 22an egingo da, 19:30ean, leku berean. Bertan, guztira 19.500 euroko balioa duten hamaika sari emango dira.
COVID-19ari aurre egiteko neurriak direla eta, jaialdiak ordutegi berria izango du Bilboko Golem Zinemen egoitza nagusian. Saioak 16:15ean, 18:30ean eta 20:45ean izango dira. Hori dela eta, filmen zuzendariekin egin ohi diren foroak azken saioan egingo dira.
Gainera, emanaldiak presentzialak izateko programatu badira ere, KCD GGKEk bigarren agertoki bat aurreikusi du, egungo egoerak zinemetara joatea galaraziko balu. Hori gertatuz gero, filmak online egongo lirateke eskuragarri. “Modu batera edo bestera, jaialdia egin egingo da”, ziurtatu du Juan Carlos Vazquez jaialdiko zuzendariak.
Ikusi ahal izango diren filmetatik, 30 fikziozkoak dira, 50 dokumentalak, 6 animaziozkoak eta bideoklip bat. Bestalde, hautatutako obretatik, 8 euskaraz egin dira, 20 Afrikakoak dira eta gehienek azpitituluak dituzte.
Lehen aldiz, palmaresa online formatuan eta doan egongo da eskuragarri. Film irabazleak urriaren 26tik 30era bitarte ikusi ahal izango dira www.filmsozialakstreaming.org plataforma digitalaren bidez.
Argazki erakusketa
Jaialdiarekin bat eginez, Afrikako emakumeen parlamentua izeneko argazki erakusketa egongo da ikusgai Bilboko Zabalguneko eraikinean. Afrikako artista ez-profesionalen erakusketa honetan, Afrikako hainbat herrialdetako herritarren erretratuak eta eguneroko uneak ikusi ahal izango dira. Artista gazte horiek, beren kameren eta begiraden bitartez, emakumeen eskubideei eta genero-desberdintasunei lotutako gaien inguruan sentsibilizatzen dute, eta egoera horiek salatzen dituzte. Erakusketaren aurkezpenean Mamadou Gomis komisarioa izango dugu, Afrikako Argazki Artearen Federazioaren (FAAP) presidentea eta sortzailea, eta proiektu honen bultzatzailea.
Erakusketa astelehenetik larunbatera egongo da zabalik, datorren azaroaren 4ra arte.