(argazkia: Iñigo Royo)

Fernando Mircalaren ‘Etorkizun Dotorea’ erakusketa Donostian ikusgai

Erakusketa, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astearekin lankidetzan antolatu da eta abenduaren 13ra arte egongo da zabalik Kutxa Kultur Plazan.

Etorkizun Dotorea izeneko erakusketa “mundu baten perfekzio adeitsu eta soilenaren gainean eraikitako proposamen grafiko estetiko-metafisiko bat da”, azaldu dute antolatzaileek. Erakusketa “idealizazio estilizatu bat da, grabitaterik gabekoa eta poetikoki delineatutakoa, non izakiak, giroak eta makinak integratzen diren funtzionaltasun harmoniatsu batean, Streamline diseinuaren gustu onez eta jolas klasikoen plastikotasun hedonistaz eta moldakorraz”.

Fernando Mircalaren arabera, “giza prototipo dotoreak aire-ibilgailu elektromagnetiko atseginetan mugitzen dira; etxe flotatzaile meheetan bizi dira, non formen eta koloreen erosotasunak gure orainaldi osatugabean sumatu besterik ezin ditugun zentzumenezko plazeren promesa ekartzen baitu; eta, jakin-min filosofiko batez, kosmosaren eta adimenaren sektoreak arakatzen dituzte; ideien, aurrerabidearen eta proiektu berrien horizonte habitagarria handitzen duten lekuak”.

Etorkizun Dotorea bizitza esperimental eder, atsegin eta gozo baten amets utopiko bat dela dio Mircalak; “proiekzio bat da, xenda bat, gizarte estruktural, formal eta etiko gizatiarrago, askeago eta zuzenago baten guraria. ‘Ume’ artista baten paperezko amets xaloetatik sortutako fantasia bat da; ume izateari uko egin nahi ez dion artista bat, borrokan ari dena errealitate zapaltzailearen makineria prosaikoari arima ez saltzeko; errealitate bat, azken batean, aldatu eta berriro diseinatu daitekeena, munduan bizi diren eta biziko diren giza espiritu eder diren bezain beste forma anitz eta dotoreen bidez”.

Fernando Mircala

Barne Diseinu eta Industria Diseinuko lizentziaduna da, Madrilgo Eskola Ofizialean. 90eko hamarkadaren hasieran, Jesus Morenoren arkitektura efimeroko estudioan egin zuen lan, erakusketak diseinatzen eta muntatzen. Handik gutxira, kolaborazioak egiten hasi zen ilustratzaile gisa argitaletxe nagusietako batzuetan.

Haren lan teknika berezia kartoi meheez eta arte ederretako paper estanpatuez, eskuz eginez eta testurizatuez egindako koadro-dioramen prestaketa bolumetrikoan datza.

1998tik aurrera, beraren edo beste batzuen ipuin eta poesia liburuak ilustratzen hasi zen, bere dioramen argazki teknika erabilita batez ere; horien artean, Siniestras Amadas eta Eclipse en Malasaña nabarmentzen dira, biak ere Sinsentidok argitaratutakoak.

Zabaldu: