(argazkia: Hatortxu Rock)

Norberak bere etxetik jarraitu beharko duen jaialdia izango da Aurtengo Hatortxu Rock

“Zinez, mereziko duen zerbait eskaintzera gatoz”, adierazi du antolakuntzak. Datozen egunetan emango dute jaialdiaren inguruko argibide eta berri gehiago.

“21 urte eman ditugu etengabe, urtero, milaka lagun elkartzen. Aurten baina, osasun krisi larriaren eraginez, ezingo dugu ohiko elkartasun jaialdia antolatu”, adierazi du Hatortxu Rock jaialdiko antolakuntzak. Hala ere, lanean jarraitzeko beharra inoiz baino handiagoa dela azpimarratu dute, “pandemiak gehien jipoitutako sektoreetako bi dira gurean protagonista: presoak eta kultura”. Horregatik, abenduaren 26an Hatortxu Rocken 24. edizioa antolatzea erabaki dute.

Hala, aurtengoa norberak bere etxetik jarraitu beharko duen jaialdia izango dela nabarmendu dute, “hori da aldatuko den gauza bakarra, izan ere, eskaintza oso berezia izango dugu taula gainean, soilik Hatortxu Rock honetan gozatu ahal izango diren izen, abesti eta ikuskizun ezberdinekin”.

Musika izango da protagonista, baina baita kulturaren beste esparruetako erakusleak ere izango dira jaialdian. “Modu honetan, hainbeste urtetan gure alboan izan diren musikari guzti horiei haien ahalegina itzuli nahi diegu egoera zail honetan, benetan zerbait berezia taularatuz”, adierazi dute antolatzaileek.

“Gure izena eta izana ez ditugu ahaztuko. Gogora ekarri behar dugu Covid-19ak espetxe barruan ere bizitza zaildu egin duela eta, zer esanik ez, senideekiko kontaktua. Oraindik 221 euskal herritar daude espainiar zein frantziar estatuetako espetxeetan. Azken hilabeteetan keinuak ikusi eta hainbat etxetik gertuago baldin badaude ere, asko eta asko dira oraindik ehunka eta milaka kilometro egin behar dituztenak haien senide edo gertukoak ikusteko, eta, beraz, beti esan dugun bezala, denak etxean izan arte lanean segi behar dugu. Hori gutxi balitz, egungo osasun krisiaren aitzakipean murriztu egin dira aurrez-aurreko bisitak eta ez dira gutxi bidaia luzeak egin ostean bisita egiteko aukerarik gabe geratu direnak. Beraz, lanean jarraitu behar dugu. Astebururo 1.000 kilometro egiteak suposatzen duen gastuek hor jarraitzen dute eta, aldiz, diru-sarrerak, gehienak herri mugimenduak antolatutako ekimenetatik zetozenak, eten egin dira pandemiak ekimen guzti horiek bertan behera utzi dituelako”, adierazi du antolakuntzak eta Hatortxu Rock inoiz baino beharrezkoagoa dela azpimarratu dute.

Aurten, beraz, etxetik jarraitu beharko da Hatortxu Rock jaialdia, baina, “zinez, mereziko duen zerbait eskaintzera gatoz. Haiek merezi dutelako”.

Datozen egunetan emango dute jaialdiaren inguruko argibide eta berri gehiago.

Zabaldu: