Egile lasarte-oriarrak Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa irabazi zuen iaz liburu honen proiektuarekin.
Mendiko gaitza izenburupean dator Idoia Garzes (Lasarte-Orian, 1973) idazleak ondu duen lehen eleberria. Nobela beltz atipiko bat da, poliziakoa. Arlet Anaut da protagonista, asperger sindromea duen emakume gazte bat. “Oso emakume berezia da, besteentzat bitxiak diren pentsamenduak ditu, eta oro har ez du erraz konektatzen jendearekin”, azaldu du egileak. Arlet mendizale amorratua ere bada eta zaputza, “pertsonengan baino konfiantza gehiago du Zientzian, Naturan eta Matematikan”.
Protagonistaren mendi-ibilaldi batean, kasualitatez, desagertze baten arrastoa agerian jarriko du eta, ezustean, heriotza baten susmagarri bihurtu nahiko dute. “Arletek bere burua askatu beharko du auzi horretatik”, kontatu du Garzesek.
Idazleak berak aitortu duenez, eleberri honetako hasiera bere bizipen propio batean oinarrituta dago, izan ere, Garzesi berari gertatu zitzaion mendiko txartel bat erantzun eta ondoren Ertzaintzak deitzea. Hortik aurrera baina, istorioa asmatu egin duela nabarmendu du.
Garzesek Ondarroako Udalak Elkar argitaletxearekin batera, urtero antolatzen duen Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa irabazi zuen iaz Mendiko gaitza liburuaren proiektuarekin.
Idazleak helduentzako bere lehen eleberria du Mendiko gaitza. Iazko Xabier Lizardi haur literaturako saria eskuratu zuen, eta narrazio saritu hori Erein argitaletxeak eman zuen argitara: Hari single bat (2019).