Vicente Ameztoyk, Jose Luis Zumetak eta Carlos Zabala Arrastaluk margotu zuten, 1980an.
Joan den uztailean, artisten edo haien oinordekoen eta bildumagile partikularren aldetik jasotako dohaintza multzo handi bat aurkeztu zuen Bilboko Arte Ederren museoak. Lucas Vorsterman I (1595-1675), Vicente Larrea (1934), Thomas Struth (1954), Juan Carlos Egillor (1947-2011), Juncal Ballestin (1953-2015) eta Dora Salazarren (1963) lanak, besteak beste. Orduan sartu zen Lemoiz gelditu izeneko horma-irudia ere, orain museoko 32. aretoan kokatuta dago, eta gure historia hurbilean garrantzi berezia duen gertaera baten testigantza da. Aldi berean, agerian uzten du gure inguruko artista askok gaurkotasunarekin duten konpromisoa.
1980ko azaroaren 8an eta 9an, Euskadiko Batzorde Antinuklearrek eta Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Defentsarako Batzordeak antolatutako Herrikoi Topaketak egin ziren Bilboko Nazioarteko Azoka zaharreko hiru pabiloitan. Bertan, musika, antzerkia, bertsolaritza, zinema eta arte eta artisautza erakusketak eskaini ziren, Lemoizko zentral nuklearra geldiarazteko kontsignarekin. Ekimen hau euskal mugimendu antinuklearraren barruan kokatu zen, zeinak gizartearen eta ekimen ekologista ugariren babesa izan zuen.
Antolatzaileek Vicente Ameztoy, Jose Luis Zumeta eta Carlos Zabala Arrastalu margolariak gonbidatu zituzten parte hartzera, horma-irudi bat zuzenean egiteko. Hala, aldamio bat erabiliz eta ikusleen aurrean, hiru artistek Lemoiz gelditu izenburua duen lana margotu zuten. Ia 5 x 8 metroko tamaina du, eta 12 panelekin osatuta dago.
Topaketen ondoren, horma-irudia Erandioko sindikatu-lokal batzuetan egon zen, 90eko hamarkadaren hasieran Bilboko Gezia Fundazioak bere gain hartu zuen arte. 2016an, Geziak Otxandioko Andikona 1936 Fundazioari eman zion, eta Zumetak horma-irudia zaharberritu ondoren, herri horretako eskolan geratu zen.
Asmo kritiko nabarmenarekin pentsatua, konposizioak hirurogeita hamarreko hamarkadako euskal artea eraldatu zuen hizkuntza figuratibora garamatza, erreferente soziokultural garaikideak txertatuz, hala nola Gernika-ko bonbilla-begia eta Chillidak 1974an sortutako logo antinuklearraren irudia. Urte horretan, euskal eskultoreak “Euskadi ez nuklearraren alde” kanpainaren logotipoa diseinatu zuen, eta “Ez, ez, ez, zentral nuklearrik ez” leloa zuten pegatinetan zabaldu zen. Irudia euskal mugimendu antinuklearraren ikur bihurtzera iritsi zen eta “Lemoiz gelditu” leloa duen kartel baten ondoan agertzen da, lehen planoko sugeen eraztunetan estekatuta. “Bi narrastiak Arrastaluk margotu zituen eta orografia leuneko paisaia idiliko batez estalitako mahai baten gainean daude, zuhaitz-belardiz, belar-metaz eta baserriz zipriztinduta, Ameztoyren poetika naturalista gogorarazten dute”. Arrastaluren arabera, “narrastiak orduko kontrol sozialaren mekanismo berrien eta ezkutukoen metafora dira”. Margolariak errealismo fantastikoa eta ilustrazioa baliatuta, topaketen kartela ere egin zuen. Mahaiaren inguruan botere politiko, ekonomiko eta militarra ordezkatzen duten hamabi gizonezko agertzen dira.
“Aurpegi maltzurra dute, eta, kasu batzuetan, Zumetaren keinu espresionisten arabera itxuragabetuta, gizon horiek atsegin handiz ikusten dute bi sugeek nola suntsitzen dituzten lurraldea eta haren baliabideak, beren gorputzetan Espainiako eta Ameriketako Estatu Batuetako banderak dituzte elkarri lotuta. Orduko AEBko presidente Ronald Reagan ari da bilera zuzentzen, Far West-eko kapela klasikoa buruan duela. Bere aurrean, xistera batekin, garai hartako Estatu espainiarreko presidente Adolfo Suarez agertzen da.
Iskander Rementeria arte-ikertzaile, musikari eta EHUko irakaslea izan da erakusketaren komisarioa. Horma-irudia testuinguru hartan sortutako materialekin batera erakusten da: Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borrokari buruzko argazki bilduma bat, eta zentral nuklearra eraikitzen hasi aurreko Lemoiz inguruko argazkiak dituen pantaila bat.