CREATOR: gd-jpeg v1.0 (using IJG JPEG v80), quality = 80

GazteFilm Fest jaialdiak 20 jarduera baino gehiago eskainiko ditu

Jolasak filmatzen tailerrak film labur bat sortzeko prozesuaren atalak erakutsiko ditu (gidoia, artea, argazkia, muntaia)       

Haur eta gazteentzako GazteFilm Fest zinema jaialdia egingo da aurten ere Gasteizen. Laugarren edizioa izango da eta azaroaren 20tik 29ra bitartean burutuko da, Zinhezba eta KalakaLab kultur elkarteen eta Vital Fundazioaren eskutik, eta hiriko zenbait tokitan eta Arabako hainbat herritan ikusi ahal izango da, segurtasun neurri guztiak kontutan hartuta.

Hala, haurrak eta gazteak protagonista izango dira jardunaldi guztietan. Izan ere, antolatutako programazioak 20 jarduera baino gehiago izango ditu publiko gazteenera bideratuta, eta zirkuitu komertzialetan erakusten ez diren filmen aukeraketa bat erakutsiko da, besteak beste, elkartasuna, gizarte-bazterketa, ezberdintasuna, adiskidetasuna eta heriotza ardatz hartuta.

Jaialdia bi asteburutan banatzen da. Hilaren 20an, 21ean eta 22an haurrentzako atala egingo da, eta 27an, 28an eta 29an gazteentzako atala. Programazioak Sail Ofizial lehiakor bat izango du, eta erakustaldi sail bat, hainbat jaialditan arrakasta handia izan duten gaurkotasun handiko filmak erakusteko.

Aurtengo edizioan mundu osoko 1024 film labur eta 254 film luze aurkeztu dira. Aukeraketa kalitatezko, aniztasun tematiko eta estilistikoko irizpideetan oinarritu da, baita jaialdia prestatuta dagoen adinetarako duten egokitasunean ere. Gainera, jatorrizko bertsioak mantentzearen aldeko apustua egin da eta bikoizketak egingo dira edota azpitituluak erabiliko dira euskaraz, proiekzioen % 60an.

Sail Ofiziala

Sail Ofizialaren barruan zortzi film luze izango dira. Haurrentzako sailean honako hauek izango dira ikusgai: My Grandpa is an Alien; Strike, stop motion; Calamity, Martha Jane Cannary-ren haurtzaroa; eta Fritzi. Gazteentzako atalean, berriz, Meu nome es Bagdad; Nevia; Los lobos; eta Normal izango dira ikusgai.

Film laburren atalean, 28 lan ikusi ahal izango dira, adin tarte bakoitzerako bereziki aukeratutako lau programatan banatuta. Txikienek Handi egiten gaituzten gauza txiki horiek izeneko programa izango dute eskura, naturak, lagunek eta desberdintasunek askotan oharkabean pasatzen diren xehetasunetan pentsatzera gonbidatu gaitzaketela ikasteko. 9 urtetik gorako ikusleentzat bederatzi film labur aurkeztuko dira Lagun desberdinak izenpean. Nahasketa perfektuenak sortzea eragiten duten ezberdintasunak dira bere gai komuna.

Gazteen ataleko lehen saioa 12 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago, eta sei film laburrek osatzen dute, Transmisioak izenpean, heldutasunerako urratsa jorratzen dute, inguruneak ezinbestean baldintzatzen duen aldaketa horren errealitate desberdinak erakutsiz. 16 urtetik gorako ikusleentzat aukeratutakoak Obsesioak atalean biltzen dira eta sei film laburrek osatzen dute. Pelikula horien bitartez, gizakiaren nahiak landuko dira, ametsen atzetik joatera bultzatzen duten desio sakonak.

3 urtetik gorako haurrei eskainitako Erakusketa atalean, Jungle Beat animaziozko filma egongo da ikusgai, Annecy Nazioarteko Jaialdian estreinatutako Hegoafrikako telesail arrakastatsu batean oinarrituta, eta film laburren programa bat, PLAY jaialdi portugaldarrarekiko lankidetzatik sortutakoa (Haur eta gazteentzako Lisboako zinema jaialdia).

Haurrentzako sailean, Jacob, Mimi y los perros del Barrio filma eta La famosa invasión de los osos en Sicilia filmak eskainiko dira.

Erakustaldiko gazteentzako atala honako film hauek osatuko dute: Pilar Palomeroren Las niñas eta Ana Garcia Blaya argentinarraren Las buenas intenciones.

Erakustaldiaren atala Periferikoak izeneko film laburren programak osatzen du. Lan horiek Sail Ofizialetik kanpo geratzen dira, duten harriduragatik, arriskuagatik edo gainerako piezekin parekatzeko zailtasunagatik.

Emanaldiak Gasteizko hainbat espaziotan egingo dira: Vital Fundazioa Kulturunea, Zabalgana kultura-gunea, Montehermoso, Monstrenka aretoa, Satelite taberna eta Samako ‘El Cinecito’ aretoa. Halaber, GazteFilm Fest Arabako hainbat herritara joango da. Aurten programazioaren zati bat Zigoitian, Kanpezun eta Laudion proiektatuko da, besteak beste.

Emanaldietarako sarrerak salgai daude jada www.gaztefilmfest.com webgunean.

Aurten, lankidetza sendotuko da Filmin plataforma digitalarekin, eta plataforma horretako Gaztefilm Fest kanalean abenduaren 4tik 11ra bitarteko jaialdiko izenburuak sartuko dira.

Jolasak filmatzen tailerra

Edizio honetan Jolasak filmatzen ikus-entzunezko laborategi ludikoa ere izango da, haurrei zuzendutako ikus-entzunezko lengoaia sortzeko eta ikasteko gunea, non jolasa ekintzaren ardatza izango den. Guztien artean film labur bat egin beharko dute. Tailerra 9 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, gehienez ere 10 parte-hartzaileko taldeetan. Euskaraz eta gaztelaniaz, hiru orduko bost topaketatan programatuta dago eta film labur bat sortzeko prozesuaren zati ezberdinak landuko dira: gidoia, artea, argazkia, muntaia.

Zabaldu: