Mintzalasai elkarteak haurrentzako ‘Asteburu konfinatuak’ kanpaina abiatu du

Euskara bereganatzen laguntzeko, haur euskaldunei euskararekin eskolaz kanpoko lotura sortzea da ekimenaren helburua, baina baita euskaraz une atseginak biziaraztea ere, haien lotura afektiboa indartzeko.

Martxoko itxialdian bultzatutako Etxean euskaraz kanpainaren ondoren, Mintzalasai elkarteak Asteburu konfinatuak kanpaina abiatu du.

Hala, Eguberriko oporrak heldu arte, elkarteak artikulu bat argitaratuko du ostiralero bere webgunean. Artikulu horrek lau jarduera sinple bilduko ditu etxean euskara modu goxoan bizitzeko. Marrazki bizidunak, yoga saio bat, janaria prestatzeko errezeta bat, sortzeko jolasak, margotzeko ilustrazioak… proposamenak askotarikoak eta adin guztietara egokituak izango dira (2 eta 10 urte bitarteko haurrentzat). Eduki horiek posta elektronikoz eta Mintzalasairen sare sozialen bidez ere eskuratu ahal izango dira (Facebook, Instagram eta Telegram).

Euskara bereganatzen laguntzeko, haur euskaldunei euskararekin eskolaz kanpoko lotura sortzea da ekimenaren helburua, baina baita euskaraz une atseginak biziaraztea ere, haien lotura afektiboa indartzeko. Gainera, baliabide horien bidez, gurasoek seme-alabei laguntzeko modu asko daudela ikusiko dute, izan euskaldunak edo ez.

Mintzalasai elkartearen  arabera, martxoan abiatutako Etxean euskaraz kanpainak arrakasta handia izan du, “zortzi astetan, 60 artikulu linean eman genituen eta hauek 28.000 aldiz bisitatu ziren, 16.000 erabiltzaile berrik ikusi zituzten 59.000 orrialdeekin. Talde-lan baten ondorioz, irakaspenez betetako esperientzia izan da”.

Elkarteak proiektu digital berri bati buruz hausnartzen ari da orain. Bitartean, lanean jarraitzen du baliabide praktikoak eskuragarri ematen, Miarritzeko Hiriko Euskara Zerbitzuaren laguntza teknikoarekin eta Euskararen Bulego Publikoaren laguntza finantzarioarekin.

Zabaldu: