Egileak era bateko eta besteko iturrietara joz, ikerketa zabal eta sakon bati ekin dio Naparra. kasu irekia osatzeko. Alonsok 2016ko Tene Mujika beka irabazi zuen proiektu honekin.
Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra, Komando Autonomo Antikapitalistetako militantea eta Iparraldean errefuxiatua, 1980ko ekainaren 11n desagertu zen, norbaitek bahitua. Ordutik ez da haren gorpurik agertu, ez desagerketaren egile edo xehetasunen berri zehatzik jakin.
Jon Alonsok (Iruñea, 1958), orain, era bateko eta besteko iturrietara joz, ikerketa zabal eta sakon bati ekin dio Naparra. kasu irekia (Elkar) izeneko liburua ontzeko.
Kasu horren inguruan dakigun guztia biltzen aritu da, suma dezakeguna iradoki eta ilunpean dagoena gogorarazteko xedearekin. “Naparra kasuaz hitz egitean, gutxien-gutxienez bi kasu hartu behar ditugu aintzat: bata, indarrez desagerrarazi zuten borrokalari gazte, argi eta kementsuaren historia lazgarria; eta bestea, semearen eta anaiaren arrastoaren bila berrogei urtez batera eta bestera joz eta askotan bakardadean, modu nekaezinean jardun duen familiaren historia, aurrekoa bezain lazgarria edo agian lazgarriagoa”, azaldu du.
Hala, egileak bi kasuak landu eta jorratu ditu Debako udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene Mujika Bekaren laguntzaz idatzitako lan honetarako, “oso garrantzitsua iruditzen zait, gazteek liburuan azaltzen dena eskura izatea, herri honetan zer gertatu den jakiteko, eta ez bakarrik errelato ofizialetik esaten diren gauzekin, baizik eta beste ikuspuntu batzuetatik ere, beste iturri batzuk edo beste pertsona batzuk uste dugunarekin eta pentsatzen dugunarekin”, adierazi du Alonsok.