Arabar gaztetxoentzako bideo-kopla lehiaketa abian

Abenduaren 3ra arte egongo da lehiaketa honetan izena emateko aukera. Gaztetxoek koplak sortzeko eta ondoren, kantatuz, bideoak grabatzeko aukera izango dute

Arabako Bertsozale Elkarteak eta Alea aldizkariak elkarlanean, herrialde honetako 14 urtetik beherako gaztetxoei zuzendutako bideo-kopla lehiaketa abiatu dute.

Hala, gaztetxoek koplak sortzeko eta ondoren, kantatuz, bideoak grabatzeko aukera izango dute. “Bertsolaritza eta teknologia berriak uztartzeko aukera ederra” dela diote antolatzaileek.

Bakarka, binaka, zein sei lagunera arteko taldetxotan parte hartzeko aukera izango da. Antolakuntzak azaldu duenez, “parte hartzea oso erraza izango da, talde bakoitzak nahi duen doinuan sortuko du kopla”, gaia Ikasturte xelebrea izango da. Ondoren bideo bat grabatu beharko da kopla kantatuz, norberak erabakiko du bideoan agertu edo ez. Eta azkenik, bideoa Aleara bidali beharko da lotura honetan ageri den galdetegia bete ostean. Bideoa info@alea.eus helbidera ere bidali ahal izango da edota whatsapp bidez 695 63 28 62 telefono zenbakira.

Abenduaren 3a izango da lanak jasotzeko azken eguna. Ondoren, lanei botoa emateko fasea hasiko da. Alea aldizkariaren webgunean bertan izango da horretarako aukera.

Arabako Kuadrilla bakoitzeko bideo-kopla onena aukeratuko du epaimahaiak, gainera publikoak bozkatutako bideo-kopla onenaren saria ere izangoa da.

Sari ezberdinak izango dira lan ezberdinen artean banatzeko. Sariak banaketa noiz eta nola izango den aurrerago argituko du antolakuntzak.

Zabaldu: