Azpeitiko Dinamoa sormen gunean izango da egonaldia, abenduaren 28an eta 29an. Azaroaren 23tik aurrera egongo da izena emateko epea zabalik.
Gabonetako oporraldiak baliatuta, lauzpabost eguneko sormen egonaldia antolatu izan du urtero Mintzola Ahozko Lantegiak. Aurten, baina, baldintzak betetzen ez direnez, bi saiotan gauzatzea erabaki du. Abenduaren 28an eta 29an izango da, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean.
Ahots Baten du izena egonaldiak eta antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta kontalaritza edota literatura: kultur diziplina horiekin esperimentatzeko gunea da. Urtean zehar diziplina horietan aritzen diren 1998 eta 2005 urteen artean jaiotakoei zuzendutako egitasmoa da, alegia, 15 eta 22 urte bitartekoei.
Hala, parte hartu nahi duenak azaroaren 23tik abenduaren 9ra arte izango du izena emateko aukera. Behin izen-ematea itxita, izena eman duten lagunei tokia izango ote duten jakinaraziko zaie. Indarrean dauden neurriak bete ahal izateko toki mugatua dagoenez, 20 lagunentzako tokia izango da eskainiko dutena, eta aintzat hartuko da izena emateko ordena. Aurtengo edizioa doakoa izango da.
Taldearen parte izango direla jakinarazten zaien gazte sortzaileei bi egunetan etortzeko konpromisoa eskatu diete. Era berean, Mintzolak irisgarritasunean lagunduko die partaideei.
Aurtengo gonbidatuak eta ikuskizuna
Abenduaren 28an zein 29an, 9:30ean elkartuko dira Azpeitiko Dinamoan; 18:30ean amaituko da saioa lehen egunean, eta 19:45an bigarren egunean, bi eguneko jarduna amaitzeko ikuskizuna eskainiko baita.
Lehen egunean, literatura eta bertsoa izango dira nagusi: Iratxe Retolaza literatura adituak emango dio hasiera jardunaldiari, eta arratsaldean Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolariak batuko dira taldera. Bigarrenean, Xanti Agirrezabala aktoreak eta Mursego musikariak hartuko dute parte; amaitzeko, Agirrezabalak Satiro bere bakarkako antzezlana eskainiko du.