Beheko Plaza eta Marilyn: sagardotegia eta jazzmana abestien zuzenekoak jasotzen du bideoak.
38 urteren ostean, Udal Artxiboak Itoiz taldeak Eibarko San Andres jaietan eskaini zuen kontzertu baten bideoa berreskuratu eta sarera igo du. Azaldu dutenez, Astelehena pilotalekuko oholtzara igo zen taldea, “urte haietan euskal kultura indar handiz ari zen plazaratzen, eta, diktadura amaituta, bere alderdi ludiko eta lotsagabeena ere erakusten zuen”, azaldu dute.
Euskal rockarentzat urrezko aroa izan zen 80eko hamarkada eta Itoizek euskaraz kantatzen zuen. Lau Teilatu balada klasikoarekin mitiko bihurtu bazen ere, garai hartan, Alkolea, taldearen hirugarren diskoa, aurkeztera joan ziren Eibarrera. Bideoan kanta ospetsuenetako bi entzun eta ikus ditzakegu: Beheko Plaza eta Marilyn: sagardotegia eta jazzmana.
1974an Mutriku eta Ondarroa inguruko bost gaztek sortu zuten taldea. Rock talde izateko bokazioarekin jaio zen, baina sasoi hartan, Euskal Herriko rock mugimenduak indar gutxi zuen, eta taldeek zuten irtenbide ekonomiko bakarra ezkontzak eta berbenak girotzea zen. Lehen kontzertua 1974ko abenduaren 21ean eskaini zuten. Handik gutxira, rock progresiborako bidea hartu zuten. 1978an beren lehen diskoa argitaratu eta Itoiz izena jarri zioten taldeari.
Bi etapa bereiz daitezke Itoizen historian. Lehenengoan, rock progresibo, jazz eta musika esperimentalaren soinuak dira nagusi. Bigarrenean, berriz, Jean-Marie Ecay gitarra jotzailea 1983an taldean sartu zenetik, taldearen estiloak pop rock-era jo zuen.
Taldea 1988an desegin zen zuzeneko disko baten grabaketarekin Getxoko Fadurako kiroldegian. Haren legatua: zazpi disko, ehunka kontzertu eta kantu pila bat, rockaren zaletu askoren gogoan iltzatuta geratu direnak.