(argazkia: Kirmen Uribe)

[BIDEOA] Kirmen Uriberen ‘Bilbao-New York-Bilbao’ liburuaren bertsio gaurkotua aurkeztu dute

Elkarrek martxan jarritako Mintegia bildumak jasotzen duen aurreneko liburua da Bilbao-New York-Bilbao.

Euskal literatura nabarmen aberastu duten liburuei omenaldi moduko bat eskaintzeko asmoz, Elkarrek Mintegia izeneko bilduma jarri du martxan. Argitaletxearen ustez, liburu horiek omentzeko erarik egokiena belaunaldi berrien eskuetan jartzea da, “haien irakurketa bultzatzeko eta transmisioa ziurtatzeko”.

Hala, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao liburua izango da lehena. Ondarroako idazleak 2008an kaleratu zuen lana. “Argi nuen zeri buruz idatzi eta nola ez idatzi. Zerbait desberdina egin nahi nuen, ohiko arau narratiboetatik aldentzen zena. Geratu egin nahi nuen eta pentsatu. Zer da literatura? Zerk desberdintzen du, esate baterako, zinetik? Nola aldatu da gizartea azken urte hauetan? Eta galdera horiei erantzunez idatzi nobela. Behatu gizarteari, gogoeta egin eta sortu”, azaldu du idazleak.

Orduantxe hasi zen nabaritzen teknologia berrien eragina ere, mugikorreko mezuak, mezu elektronikoak, Facebook sortu berria zegoen. “Nire galdera zen nola aldatuko zuen horrek gizartea, eta ondorioz, literatura”. Gogoeta horietatik sortu zen liburua.

Uribek kontatu duenez, “liburuak ez du egitura lineal bat, hasi eta buka. Horren ordez, sare baten itxura du, interneteko sarearena eta arrantzaleen sarearena. Irakurleak bere aldetik jarri behar du liburuan barneratuko bada”.

Egun, hamabi urte beranduago, eta atzera begiratua eginda, “Bilbao-New York-Bilbao gauza guztien gainetik, askatasun ariketa bat izan zela esango nuke”, dio egileak.

Uribek liburuaren lehenengo bertsioari aldaketa batzuk egin dizkio, hitzaurrea idatzi du eta pasarte batzuk gehitu. Horretaz gain, Ana Arregik egindako irakurketa gidarekin osatu dute liburuaren bigarren bertsioa.

Mintegia Bildumaren bigarren liburua

Joan Mari Irigoienen Babiloniak izango da Mintegia bildumaren bigarren alea eta 2021ean ikusiko du argia.

Zabaldu: