Galdakao euskal kulturaren plaza bilakatuko da abenduaren 14tik 20ra

Egitasmoaren helburu nagusiak dira, besteak beste, Euskal Herriko kultur proiektu aurrerazaleak Sormene plazara gonbidatzea, herrialde guztietako euskaldunak euskarazko kulturara erakartzea, kulturaren zaleak sortzea eta sustatzea eta euskal kulturaren transmisioa bermatuko duen espazioa prestatzea.

Abenduaren 14tik 20ra bitartean, Galdakaok Durangori lekukoa hartu eta Euskal Herriko hainbat sortzaileren plaza bilakatuko da, Sormene proiektuaren bidez. Geuria Hego Uribe eskualdeko komunikabideak jakitera eman duenez, iazko irailean hasitako hausnarketa prozesu baten ondorioz sortu da proiektua, “urteak aurrera joan ahala, kultura erdigune duen plaza moldatu du Galdakaok. Iaz hasi zen azken pausoa ematen: azokaren formatu tradizionala bertan behera uzteko erabakia hartu zuen Udalak eta bestelako proposamen bat lantzeari ekin zion”.

Sormene kulturaren sormen arloko egitasmo berritzaileen plaza izateko jaio da, eta bertan, euskarazko kultur adierazpideak aintzat hartuko dira: literatura, musika, bertsolaritza, antzerkia, ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak… Betiere emakumezko sortzaile euskaldunen lanak nabarmenduz, gaur egun dagoen hutsunea betetzeko.

Egitasmo berri honetarako bost helburu nagusi zehaztu dira: Euskal Herriko kultur proiektu aurrerazaleak Sormene plazara gonbidatzea, herrialde guztietako euskaldunak euskarazko kulturara erakartzea, kulturaren zaleak sortzea eta sustatzea, sortzaileak izango diren zaleak adoretzea eta trebatzea, eta azkenik, euskal kulturaren transmisioa bermatuko duen espazioa prestatzea.

Astebeteko egitaraua gauzatu ahal izateko Sormenek bi plaza izango ditu: Galdakaoko Torrezabal kultur etxea modu presentzialean parte hartzeko, eta bestetik, plaza birtuala sormene.eus webgunearen bidez. Torrezabal etxeko kokapena baliatzeaz gainera, antolatzaileek Galdakaoko ikastetxeetan landuko dute Sormene egitaraua: ekitaldien edukiak, plazako solasaldiak, sortzaileen emanaldiak, argitalpenak eta obrak.

Elkarlanetik proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatuko dira Sormene plaza osatuko duten ekintzak.

Egitarau osoa ikusteko, hemen.

Zabaldu: