Euskaraldiaren bigarren edizioa gaur amaituko da. Gizarteak euskararekiko duen herri-gogoa ariketarako hauspoa izan dela nabarmendu eta batzordeek eta entitateek egindako lana eskertu dute.
“Hizkuntza praktika berriak sortzen ari gara” leloa zabalduz egin dute gaur Euskaraldiaren bigarren edizioaren balorazioa ekimenaren sustatzaileek. Bilboko EHUko Ingenieritza Eskolan egindako agerraldian azken 15 egunetan Euskal Herriko milaka ahobizi eta belarriprestek egindako ariketa soziala berriro ere masiboa izan dela azpimarratu dute. “Urte honetan egondako zailtasunek antolaketa prozesuan eta Euskaraldiaren beraren garapenean eragin nabarmena izan duten arren, gizarteak euskararekiko duen herri-gogoa ariketarako hauspoa izan da”, azaldu dute antolatzaileek; eta batzorde eta entitateek egindako lana eskertu dute.
Prentsaurrekoan, Euskaraldiko koordinatzaile Arrate Illarok, Euskaltzaleen Topaguneko presidente Kike Amonarrizek, Euskal Konfederazioko ordezkari Amets Lahetjuzanek, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea euskararen nafar institutuko zuzendari Mikel Arregik eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak hartu dute hitza. Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariek ezin izan dute gaurko agerraldian parte hartu, baina Ipar Euskal Herrian Euskaraldiak izan duen eragina azpimarratuz oharra helarazi dute.
Ariketa sozial masiboa
Bigarren Euskaraldia ere ariketa sozial masiboa izan dela azpimarratu dute antolatzaileek. “Euskal Herri osoko milaka lagunek parte hartu dugu hizkuntza ohiturak aldatzea eta inertzia linguistikoak astintzea helburu izan dituen ariketan. Aurten 179.780 lagunek eman dute izena. “Aurreikuspenak egitea zaila den urtean, oso pozgarria da milaka lagunen konpromisoa berretsi dela eta aurreko edizioan parte hartu ez zuen ahobizi eta belarriprest asko ariketara batu dela ikustea”.
Hainbat hamarkadatan euskararen aldeko herri gogoak gauza harrigarriak egitera eraman izan gaituela ere azpimarratu dute, “gizarte bizia da gurea, eta beste hizkuntza komunitate batzuentzat eredu gara”.
Ariguneen balioa ere nabarmendu nahi izan dute agerraldian, “adostasunaren ondorio” baitira. Ez da erraza izan aurten entitate askorentzat ariguneak sortzeko prozesua, pandemiak eraginda. Eta, hala ere, milaka entitate batu dira ariketara, eta gogotsu ekin diote gune babestuak sortu eta hedatzeari. Baina ariguneak sortuta ateak zabaltzeko zailtasun edo ezintasuna izan duten hainbat entitate ere egon dira. Gogoan ditugu eta beraiekiko zor bat ere sentitzen dugu, ariketara batzeko egin duten ahalegina itzultzekoa”.
Herri batzordeei dagokienez, ez da urte erraza izan gizarte ekimen antolatuarentzat, hala ere, “oraingoan, herri gehiagotan egon dira batzordeak eta boluntarioak lanean, ahalegin ikaragarria egiten, gizarte harremanak mugatuak dauden garaian era guztietako entitateetan eragin eta herritarrak ariketa sozialera batzera gonbidatzen”. Antolakuntzak Euskaraldiak abiatu dituen hainbat batzorderen lanak ariketatik harantzago jarraipena izatea nahiko lukeela adierazi du.
Bestalde, Euskaraldiaren hasieratik bultzatu duten lankidetza ereduari eutsi diote aurtengo ariketan ere, “euskarak eta euskaltzaleok euskalgintzan ari garen gizarte eragileen, erakunde publikoen eta bestelako eragileen arteko indar uztarketak behar baititugu. Herritar norbanakoak, boluntarioak ere badira lankidetza horren parte”.
Biharko eguna ere garrantzitsua dela azpimarratu dute agerraldian, “Euskaraldiak inertziak apurtzeko babesa eman digu egunotan, eta aldatu ditugun dinamikei ahalik eta gehien eusteko garaia da orain. Berriz ikusi dugu uste duguna baino jende gehiagok ulertzen duela euskaraz; norberak ekiteak inguruan ere eragiten duela; uste baino gehiago bizi gaitezkela euskaraz; ingurune digitalean ere urrats asko ditugula emateko; tresna txiki batzuekin errazago egin dezakegula; ohiturak aldatzea posible dela. Babesa, konplizitatea, sorpresa, norbere hautua, eustea, eskatzea; ahalduntzerako eta normalizaziorako bidean lagungarri izan ditzagun aurrerantzean ere. Txapak egunotan eman dizkigun ahalmen horiek gurekin eraman ditzagun euskarari eutsi nahi diogun guztietan”.
Euskal gizartea zorionduz bukatu nahi izan dute balorazioa. “Bigarren edizioan ere erakutsi dugu elkar hartuta inertziak apurtzen, ohiturak aldatzen eta euskararentzako guneak irabazten jarraitu dezakegula. Badugu zeregina oraindik ere, baina egunotan sortutako energia sozialari eta auzolanari eusteko deia egin nahi dugu, sortzen ari garen hizkuntza praktika berriek bidea egin dezaten”.