Euskaldunen hizkuntza-eskubideak babesteko neurriak eskatu ditu Behatokiak Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, ongizatea eta gizarte kohesioa bermatzeko.
Giza Eskubideen Egunarekin bat eginez, euskara eta hizkuntza-eskubideak errespetatzea oinarrizkoa dela gogorarazi nahi izan du Behatokiak. “Iaz aldarrikatu genuen euskaraz, feminismotik, arrazakeria gabe eta LGTBi fobia gabe bizi nahi genuela”, oroitarazi du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak. “Nahi dugun gizartea eraikitzeko, hainbat arlotan berehalako neurriak eskatu genituen. Alor horietan guztietan euskaraz bizitzeko eskubidea txertatuz lortuko dugu gizarte berdinzaleagoa eta justuagoa, pertsonak eta kolektiboak erdigunean jarriko dituena”.
Euskal Herrian, ordea, errealitate horretatik urrun gaudela dio Behatokiak. Hizkuntza-eskubideen urraketak hainbat eremutan gertatzen dira, eta “pandemiak are gehiago makurtu du egoera”. Behatokiak agerian utzi zuen hori lehen olatuan: erakunde publikoetako ordezkarien hizkuntza praktikak gaitzetsi, eta segurtasun eta osasungintzako urraketak salatu zituen, besteak beste. Herritarrak ere haserre azaldu ziren, aurreko urtean sasoi berean erregistratutako kexen bikoitza jaso baitzuen Behatokiak. Bigarren olatuan, gainera, ez da egoera irauli.
Horregatik, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Behatokiak zenbait neurri eta gabezia bistaratu nahi ditu, euskararen zeharlerrortasuna ahaztu gabe.
Esaterako, Gaubekak uste du zaintzari lotutako mota guztietako zerbitzuetan euskara txertatzea ezinbestekoa dela: “Euskal Herrian bizi diren pertsona guztien ongizatea eta gizartearen elkarbizitza eta eraikuntza sozial indibidual eta kolektiboa bermatzeko euskarak berebiziko garrantzia du”. Horregatik, zaurgarrienei, hala nola adinekoei, pertsona migratuei edo egoera sozioekonomiko berezietan daudenei, esaterako, euskaraz bizitzeko eskubidea izateko baliabideak eta aukera eskaini behar zaizkie, berariaz egokitutako neurriekin.
Osasungintzan, bestalde, alde nabarmena dago eremuaren edota herriaren arabera. Hala ere, guztietan profesional euskaldunen falta dagoela dio Gaubekak. “Erditzearekin eta heriotzarekin lotutako osasun zein zaintza zerbitzuetan, adibidez, bertako hizkuntza erabiltzeak aparteko garrantzia du. Pandemia honek eragindako aldaketa guztietan ez da hizkuntza kontuan izan”.
Lan esparruan ere oso ohikoak dira hizkuntza-eskubideen urraketak. Horregatik, “euskaraz lan egin ahal izateko, baliabideak eta laneko formakuntza euskaraz izateko eskubidea izan beharko genuke herritar guztiok”, adierazi du Gaubekak. Egoera, ordea, kontrakoa da, eta, ondorioz, “bezero, kontsumitzaile, zein herritarrek ez dute euskarazko zerbitzuak jasotzeko inolako beharrezko bermerik”.
Beste hainbeste gertatzen da lege eta ondasunei lotutako zerbitzuetan. “Oinarrizko zerbitzu jakin batzuetan ia ezinezkoa da herritarrek zerbitzua euskaraz jasotzea, hala nola, notariotza zerbitzuetan, justizia eremuko zerbitzuetan edo azken borondateen agiria osasun zerbitzu publikoan egiterakoan”.
Hezkuntzan ere aldaketak egin behar direla ziurtatu du Gaubekak. Euskara ardatz izan beharko litzateke sistema osoan, “euskaraz ikastea eskubide unibertsala izanik, doakotasuna eta hezkuntzan ondo integratuta egotea behar-beharrezkoa da herritarrek hizkuntza-berdintasunean ikas dezaten”. Era berean, Lanbide Heziketan euskararen eskaintza oso urria da, eta horrek lan esparruan eragin zuzena duela uste du Behatokiko zuzendariak.
Aisialdian eta bizitza sozialean, azkenik, erdarak gailentzen dira. Interneteko eskaintza euskaraz ugaritu bada ere, hainbat baliabide erdaraz daudela jakinarazi du Gaubekak, bereziki aplikazioak eta programak. Horrek eragin zuzena du euskararen aisialdiko erabileran, eta zer esanik ez haur eta gazteen kasuan. Azken hauei begira, euskarazko komunikabideetan eurentzako euskarazko edukiak indartzearen beharra nabarmendu du Gaubekak, eta gogorarazi du euskarazko telebista publikoko haurrentzako kanala ez dela oraindik euskararen lurralde guztietan ikusten.