Abenduaren 8an Euskalduna Jauregian izan zen taldea

Nøgen taldeak ‘Under Alt’ diskoa aurkezteko birari ekin dio

Abenduaren 13an Ondarroako Beikozini Kafe Antzokiko oholtzara igoko da taldea, 19an, berriz, Durangoko Plateruenan.

Oztopo eta zailtasun guztiei aurre eginez, Nøgen talde donostiarrak bira oparoa du arretik. Datozen hilabeteetan Euskal Herriko eta kanpoko txoko ezberdinetatik arituko dira Under Alt disko berria aurkezten.

“Biluzik jaio ginen eta ahaztu dugu. Irakatsi ziguten garenaren gainean janzten eta sentitzen duguna estaltzen, bigarren azal hau berezkoarekin nahastu arte. Baina zer dago, mosaikoaren parte izateko hartzen dugun tankera horren atzean? Zer dago mozorrotutako ideal eta amets horien azpian? Zer dago Under Alt?”. Galdera hauen atzetik sortu da lan berria, taldearen estudioko bigarrena.

“Erantzunak gordinak dira eta ezpalak dituzte”, dio boskoteak. “Kanpo azalaren azpian ez dago aringarririk ez metaforarik. Beldurra, orbanak, desira, asperdura, txikitako ametsak, ezinak, damua, malenkonia, loturak eta Liv til døden diskoarekin lotura egiten duen denboraren muga salba-ezinaren kontzientzia daude”, adierazi dute.

Hortaz, lan berriak ez du suposatzen aurreko diskoarekin erabateko haustura bat, baina taldeak azaldu duenez, ez da jarraipen huts bat ere. Melodiek itxaropenez beteriko malenkonia kutsua mantentzen badute ere eta, Zeri begira hartu nahi duzu lo?, Mapa, Zuek, Ihes edo Euria kantetan aurreko diskoaren indie-folk estiloa nagusi bada ere, gainerako abestietan pop-rocka indartsuagoa dela nabari da”.

Hala, Mila aldiz, Alene edo Erori arte abestiek, esaterako, geruza elektriko anitzek sortutako riff-en laguntzaz sortu dituzte. Gelditu dena kanta, berriz, pop estiloan soilik dagoen ereserkia da. Jarraitasuna eta hausturaren arteko orekan kokatzen da Under Alt.

Urtebeteko lana zuzenean defendatzeko erronka du Nøgen taldeak aurretik, hurrengo kontzertuak 13an Ondarroako Beikozinin eta 19an Durangoko Plateruenan izango dituzte.

Kontzertu batzuetarako sarrerak salgai daude jada www.nogenband.com webgunean.

Zabaldu: