Arrano Pertxa eta Lengu Iluna bikoak ‘Maitasunaren bilduma’ diskoa kaleratu du

Rap abeslariak eta ekoizleak elkarrekin sortzen duten bigarren lana binilo formatuan dator eta hamabi kantuz osatuta dago.

Maitasunaren Bilduma izeneko diskoa argitaratu dute gaur Arrano Pertxak (Urko Gonzalez) eta Lengu Ilunak (David Rodriguez) Taupaka elkartearen eskutik. Rap abeslariak eta ekoizleak elkarrekin sortzen duten bigarren lana binilo formatuan dator eta hamabi kantuz osatuta dago. Bikoak adierazi duenez, abestietan testu pertsonalagoak eta soinu garbiago eta erlaxatuagoak landu dituzte. Beraien nortasunaren adierazgarriak alboratu gabe, azkeneko disko hau aurreko lanen garapenaren ondorio argia dela nabarmendu dute.

Taupakaren hitzetan, “Maitasunaren bilduma euskarazko raparen historian, disko garrantzitsuenetako bat bihurtuko da zalantzarik gabe. Jarrera, originaltasun, hizkera esplizitu eta Ipar Ameriketako 90eko eta 2000ko hamarkadetako raparen une oroko erreferentziei esker berehalako klasikoa izango da”.

Taldeak adierazi duenez, “gorabehera emozionalen istorioa da bilduma”. Arrano Pertxak bizitzako pasarte garrantzitsuen eta kontraesanen inguruan gogoeta egiten du hamabi kantuetan. Bide horretan, maitasuna modu organikoan azaleratzen da, eta familiari, ingurukoei, musikari eta jakintzari dien maitasunean “kode raperoa” islatzen da. Musika estiloari dagokionez, “erritmo oso raperoek eta askotariko sampleek batzuetan, funk kutsua ematen diote diskoari, besteetan, aldiz, jazz edo rap ilunenarena. Lengu Ilunak jarri die musika Arrano Pertxaren hitzei. Horretaz gain, grabazioaz, nahasketaz eta masterraz arduratu da.

Zabaldu: