Euskal Herriko Orkestra gazteak bat egingo du Beethovenen 250.urteurrenaren ospakizunekin, konpositoreari eskainitako egitaraua eskainiz.
Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitartean, 46 musikari gazte eta izen handiko sei irakasle elkartuko ditu, oraingoan, Donostiako Musikenen egingo den neguko topaketarako. Denbora honetan zehar, musikari gazteek egitarau zorrotz bati egingo diote aurre, ondoren eskainiko duen birako errepertorioa lantze aldera. Kontzertu bira urtarrilaren 2an abiatuko da Donostiako Kursaalean, urtarrilak 3an Gasteizeko Principal Antzokian eskainiko du hurrengo kontzertua, urtarrilaren 4an Bilboko Euskalduna Jauregian egingo du bere agerraldia eta Getxoko Muxikebarrin emango dio amaiera urtarrilaren 5an, goizean eskainiko duen kontzertuarekin.
Hala, Orkestra gazteak bat egingo du Beethovenen 250.urteurrenaren ospakizunekin, konpositoreari eskainitako egitaraua eskainiz. Ruben Gimenor zuzendari artistikoaren hitzetan “Beethoven, dudarik gabe, musikaren historiako giltzarrietako bat da eta alde teknikotik begiratuta aldiz, ezinbesteko garrantzia du neguko topaketan zehar gazte orkestrarekin burutuko dugun lanean”.
Hala, artistaren adierazgarri diren bi obra izango dira topaketaren bukaerako kontzertu biraren protagonista. Abandonu eta traizioari buruz ari den soprano eta orkestrarako Ah perfido aria eta eszena eta Egmont epikoa izango dira egitarau honen ardatza, Heroiak izenpean .
Lan hori gauzatzeko, izen handiko irakasleekin arituko dira. Horietako batzuk euskal talde nagusietatik datoz, Euskadiko Orkestratik eta Bilbao Orkestra Sinfonikotik, eta beste hainbat erakunde eta talde ezagunetakoek ere hartuko dute parte: Gran Teatre del Liceu, London Symphony, Vienako Orkestra Filarmonikoa eta baita Musikeneko egungo hainbat irakasle ere. Gainera, Jone Marinez soprano gazteak eta Eneko Sagardoy aktoreak bat egingo dute lehenengoz EGOrekin, eta soprano eta narratzaile lanetan arituko dira, hurrenez-hurren.