Ilustratzaileek animaliei buruzko gida-liburuen formatu horretatik aldendu eta haurrentzat, zein helduentzat erakargarria izango den liburua sortu nahi izan dute.
Asier Gorostidi eta Igor Sarralde ilustratzaileek Euskal Herriko animaliak liburu ilustratua aurkeztu dute Donostian. Hainbat proiektutan elkarrekin lan egin duten arren, hauxe dute elkarrekin egiten duten aurreneko liburua. Sarraldek eta Gorostidik Arte Ederren fakultatean ezagutu zuten elkar eta txikitatik dituzte animaliak eta ilustrazioa gustuko. Sarralderen hitzetan hutsune bat betetzera dator liburua. Izan ere, animaliei buruzko gida-liburu txiki asko dira liburutegietako apaletan, baina formatu horretatik aldendu eta haurrentzat, zein helduentzat erakargarria izango den liburua sortzea nahiago izan dute. Bertan, Euskal Herriko baso eta uretan bizi diren animalia mordoa bildu dituzte, jendearentzat ezagunagoak diren txantxangorria edo sugandilak dira horietako batzuk, baina baita dortokak, oreinak eta artzak ere. Orotara, gure lurraldeko 50 espezie enblematikoenen ezaugarri eta berezitasun guztiak jasotzen ditu lan berriak.
Liburua hiru ataletan banatu dute, lehenengoan ugaztunak ageri dira, bigarrenean hegaztiak eta hirugarrenean anfibioak eta narrastiak batu dituzte. Atal bakoitzaren bukaeran, animalia horiek beren inguru naturalean nola topatu daitezkeen jakiteko lagungarri batzuk gehitu dituzte. “Liburuak aukera ematen du betiko animaliak gehiago ezagutzeko, baina baita hainbeste ezagutzen ez ditugun animaliak ezagutzeko ere”. Lan honekin “gure fauna maitatzeko grina” sortu nahi dute irakurlearengan Sarraldek eta Gorostidik. “Denek liburu honetaz gozatu ahal izatea nahi dugu”, adierazi du Sarraldek. Horretarako, zorroztasun zientifikoa duten testu laburrak idatzi dituzte, baina argi utzi nahi izan dute ez dela liburu zientifiko bat. Testu bakoitzak animalia bakoitzaren informazio laburra eta bitxikeriaren bat jasotzen du irakurlearen arreta deitu eta mantentzeko helburuarekin. Ilustrazioekin efektu bera bilatu nahi izan dute, “marrazki handiak eta deigarriak sortu ditugu arreta hori mantendu ahal izateko”.
Bestalde, liburua euskaraz plazaratzearen garrantzia nabarmendu du Gorostidik, bere ustez, “jende askok, nahiz eta euskaldun eta naturazale izan, animalien izenak erderaz bakarrik dakizki”, errealitate horri ere buelta ematen lagundu nahi izan dute.
Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editoreak bere aldetik, Gorostidik eta Sarraldek kaleratu duten lana berezia dela azpimarratu du, “ikusteko moduko liburua da”, dio editoreak.
(Irudiak: Erein)