Euskara estandarraren ahoskera egokia, jatorra eta zuzena jorratzea; euskara estandarraren ahoskeraren oinarrien inguruko hausnarketak praktikan jartzea; eta euskararen erabilera sustatzea, besteak beste, dira lantegiaren helburuak.
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak, UEUrekin elkarlanean, eta hainbat eragileren eta erakunderen laguntzarekin euskara estandarraren ahoskerarekin eta, oro har, ahozkotasunarekin zerikusia duten bestelako aldagaiekin esperimentatzeko laborategia jarriko du martxan aurten.
Hala, laborategi honetan, azentua, intonazioa, euskal doinua, eta abar landuko dituzte. Horretarako mahainguru bat eta hiru saio trinko antolatuko dira otsailetik apirilera bitartean:
Mahaingurua otsailak 24an izango da eta bertan, euskara lanabes duten hiru profesionalen hausnarketak entzun ahal izango dira: Ilaski Serrano, Franck Dolosor eta Edurne Azkarate.
Saio trinkoei dagokienez, larunbat goizetan egingo dira, martxoaren 13an eta 27an, apirilaren 17an.
Antolatzaileek azaldu dutenez, lehenik gaiari lotutako adituen ekarpena jasoko da: Lourdes Oñederra, Oroitz Jauregi, Kike Amonarriz eta Julia Marin. Ondoren esperimentatzeari ekingo zaio laborategian, “bideratzaile izango ditugu Imanol Miranda, Jon Sanchez eta Alba Fernandez”.
Laborategia
“Ahozko euskararen inguruko lanketa berezia egin nahi da, eta praktikari garrantzi berezia emango zaio: saio bakoitzaren bigarren zatian, metodo enpirikoa geure egin, eta esperimentatu egingo da, ahozkoa lan-tresnatzat hartuta”, adierazi du antolakuntzak. “Probetarik ez da erabiliko; baina, laborategi-lanak eskatzen duen bezala, probetan ardaztuko dira saiook, probatzea baita edozein langairi etekina ateratzeko modurik egokiena: hizkuntzarekin jolastea, saiakuntzak egitea, esperimentatzea da”, azaldu dute.
Amaieran, ikasitakotik ondorioak ateratzen saiatuko dira, eta denen arteko hausnarketa eta iritzi-trukea baliatuko da.
Ikastaroa hitza lanabes duten profesionalei eta bere ahoskera hobetu nahi duen edonori zuzenduta dago.
Saioetan izena emateko epea dagoeneko irekita dago UEUren webgunean, hemen.