Xabier Agirre margolariaren ‘Ikustera eman – Paisaiak 1999-2020’ erakusketa ikusgai Gasteizen

Azken 21 urteetan margotutako obren aukeraketa bat da.  Erakusketa otsailaren 5era arte egongo da zabalik.   

Xabier Agirre margolari bergararrak azken hogeita bat urteetan margotutako koadro sorta bat paratu dute Gasteizko Vital Fundazioa erakusketa-zentroan, Ikustera eman – Paisaiak 1999-2020 izenburupean.

Erakusketan, batez ere, paisaiak eta Agirreren ikuskerak ikusi ahal izango dira, ingurunetik edo bidaietatik aukeratzen dituen ikuspegiak. Lur-eremuak, urrunak, zuhaitzak, ibaiak, mendiak, eraikuntzak, zeru anitzak eta hodeiak. Bere koadroetan ez da figurarik agertzen, paisaia hauetan giza jardueraren aztarnak agertzen diren arren. Bere lanetan, gauzak identifika daitezke, baina kolorearen izaera ez da oharkabean pasatzen. Agirreren lanaren beste ezaugarrietako bat bere pintzelkadaren enpastea eta taxua da, eta hori oso kontuan izan du beti. Hori dela eta, olioa da erabiltzen duen materiala, hamaika aldaketa eta doikuntza eskaintzen dizkiolako.

Paisaiak margotzeak gaur egun zer zentzu duen galdetuta, hauxe erantzun du margolariak: “geratzen zaigun munduari buruzko irabazia ematen du. Mundua ikuskera, memoria eta hiru hitzetan esaten den zerbait bezala ulertuta, baina garrantzi ikaragarria duena; ikustera eman”.

Ikustera eman – Paisaiak 1999-2020 gaur hasi eta otsailaren 5era arte egongo da ikusgai Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan. Asteartetik larunbatera 18:00etatik 20:30era eta igande eta jai egunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Sarrera doakoa izango da.

Zabaldu: