Helena Goñirena da aurtengo Zinegoak jaialdiko kartela

Bilboko Gaylesbitrans 18. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia martxoaren 1etik 14ra ospatuko da, modu presentzialean eta baita birtualean ere, Filmin plataformaren bidez. Genero izpirik gabe da aurtengo leloa.

Edizio honetako kartela aurkeztu du gaur Zinegoak jaialdiak. Helena Goñi argazkilaria da kartelean agertzen den irudiaren egilea. Pau Guillen zuzendariak aipatu duenez, “irudian ikus dezakegu belaunaldi berriek naturaltasunez bizi dutela euren genero-identitatea”. Guillenen hitzetan, “gero eta ohikoagoa da ‘pertsona ez binario’, ‘genero neutro’ edo ‘mugarik gabeko genero’ bezalako kontzeptuak entzutea. Ez da beharrezkoa kontzeptu guzti-guztiak ezagutzea, baina bai behintzat jakitea genero-identitatearen mugak zabaldu direla eta aukera guztiak baliagarriak direla”.

Irudian agertzen diren protagonistek ilea berdez tintatuta dute, intentsitate-maila ezberdinetan. Goñik azpimarratu duenez, “keinu horren bidez identitate kolektibo bat sortzea izan da nire helburua, eta gero bakoitzak nahi duen moduan kolorea bere neurrira egokitzea”. Argazkilariak adierazi du bere asmoa ez dela izan generoaren inguruko hausnarketarik bultzatzea, gaia modu naturalean agertu zela. Zinegoakeko kartel ofizialean agertzeko aukerari buruz galdetzean, esate baterako, argi geratu da aniztasun hori euren errealitatearen parte dela.

Irudia aukeratzerako orduan, aniztasun horren isla gakoa izan da. Guillenek azaldu duenez, “azken urteetan lan handia egin da sexu-aniztasunaren aldeko sentsibilizazioan eta hezkuntzan, eta horrek eragina izan du gure gizartean eta are gehiago belaunaldi berrietan. Aurtengo jaialdiko kartelak ere hori islatu nahi izan du. Izan ere, kontzeptu hori abiapuntutzat hartuta, genero-identitatearen aniztasuna, norberak bere identitatea garatu eta bere beharrizanetara egokitzen du”.

Aurrez aurre eta modu birtualean

Osasun-neurrietara egokituko bada ere, 18. edizioak ez du bere nortasuna galduko eta aste biko programazioari eutsiko dio. Aurrez aurreko jarduerez gain, programazio birtuala ere eskainiko da Filmin plataformaren bidez.

“Gure hasierako nahia izan da jaialdia aurrez aurre antolatzea eta asmo horri eutsiko diogu”, nabarmendu du zuzendariak. “Zinegoaken indarra bere publikoa da, aretoetara gerturatzen den jendea, baina badakigu aurreikuspenarekin jokatu behar dugula eta egoera kontuan hartuta, ahalegina egin behar dugula jaialdia etxeetaraino ere eramateko”, adierazi du.

Helburu horrekin, aurten Zinegoakek Filminekin lankidetza egingo du eta Zinegoakeko sailak plataforma honetan ikusi ahal izango dira.

Horrez gain, Zinegoakek ere ahalegin berezia egingo du jaialdiko lanak publikoarengana hurbiltzeko. Hori dela eta, lehenengo aldiz, Zinegoakek egoitza ofiziala izango du Bilbotik kanpo.

Bizkaiko hiriburuan jaialdia antolatzen ari den bitartean, Lekeition ere jaialdiko proiekzioak eskainiko dira, Zinegoak eta Zine Bileraren arteko lankidetzari esker. Horrez gain, martxoaren 14tik aurrera, ohi bezala, Zinegoakeko hedapena hasiko da, Euskal Herriko hainbat herritan.

Jaialdiaren antolakuntza buru-belarri ari da 2021. urteko edizioa segurua eta erakargarria izan dadin, eta otsail erdialdean aurkeztuko ditu programazioaren zehaztasun guztiak.

Zabaldu: