(argazkia: U. G. Kultur Sharea)

[BIDEOA] Sumatra uhartean kokatu du Jon Arretxek ‘Trumoiaren alaba’ abentura eleberria

Haur eta Gazte Literaturan idazten duen hirugarren lana da Trumoiaren alaba.

Ez da erreza Jon Arretxe (Basauri, 1963) idazlea haur eta gazteentzako liburuak idazten ikustea, literaturan ibilbide oparoa egina duen arren, orain arte bi liburu baino ez ditu argitaratu gaztetxoei zuzenduta: Harresi handirantz (1997) eta Beti iparralderantz (2014). Oraingo honetan Trumoiaren alaba ( Erein) izeneko abentura eleberria aurkeztu du, eta aitortu duenez, idazle gisa kostatu egiten zaio haur eta gazte literaturan sartzea, “miresten ditut dauden espezialistak, oso zaila iruditzen zait asmatzea zer den egokia adin bakoitzerako”, kontatu du. Hala ere, hiru liburu hauen emaitzarekin oso gustura geratu dela dio.

Bidaiatzea beti gustuko izan du Arretxek, eta, hala, Indian eta Afrikan kokatu zituen bere aurreneko bi liburuak. Oraingo honetan Sumatrako uhartera egin du jauzia. Bertan, Batari neska nerabea bizi da. Tsunami baten ondorioz bakarrik geratu da munduan Kusuma neba txikitxoarekin, protagonistak babestu beharko du neba txikia eta biak batera Ibilbide luze bat egin beharko dute harrera ona egingo dien ahaideren baten bila.

Neba-arrebok mila abentura eta arrisku biziko dituzte uhartean zehar, tartean helburua lortzen lagunduko dieten adiskideak egingo dituzte. Emakumeen egoera, naturaren suntsitzea, turismoaren eragina, erlijioen arteko lehiak, umeen trafikoa, mafien lana… dira azaltzen diren gaietako batzuk. Guzti honetaz gain, munduaren bazter ezezagun hori pixka bat ezagutzen lagunduko digu Arretxeren lan berriak.

Zabaldu: