Olatz Salvadorren “barne munduaren zatitxo bat” da ‘Aho uhal’ disko berria

Pablo Novoa, Ivan Ferreiro, Ane Labaka, Alaia Martin, la Mare edota Rozalen izan ditu alboan disko berria sortzerako orduan.

Bi urte dira Olatz Salvador (Donostia, 1990) musikariak aurkeztu berri duen Aho uhal diskoaren lehenengo aletxoak jartzen hasi zela, “prozesu luzea izan da, diskoa bera ere luzea da eta badakit garai hauetan disko luzeak egitea ez dela egokia”, baina donostiarrak nabarmendu duenez, diskoaren barruan abesti bakoitzak zentzu bat dauka, “askotan abesti gehiegi izatean aukeraketa bat egitea izaten da ohikoena, baina kasu honetan bakoitzak bere espazioa betetzen zuela iruditu zait”.

Ez da erreza disko bati izena jartzea, Salvadorrek hiztegian topatu zuen gaztelaniazko rienda hitzaren baliokidea euskaraz: Aho uhal. “Paradoxikoa iruditu zitzaidan nola gaztelaniaz kontrola hartu edo zerbait gidatzeko konnotazioa daukan hitzak, euskarara itzulita, kontrolatua izatearen konnotazioa hartzen duen, gustatu zitzaidan eta abiapuntu interesgarri bat iruditu zitzaidan abestietan zehar horrekin jolasteko”.

Salvadorrek berak konposatu ditu lanak biltzen dituen abesti guztiak diskoari amaiera ematen diona izan ezik: Ivan Ferreiroren Promesas que no valen nada, Salvadorrek nerabezaroan askotan entzuten zuen kanta da eta musikari galiziarrarekin batera moldatzeko aukera izan du oraingoan. Ferreiroren laguntzaz gain, hainbat kolaboratzaile izan ditu alboan musikari donostiarrak: Pablo Novoa gitarra jotzailea eta ekoizlea, Rozalen, La Mare eta Idoia Asurmendi musikariak dira horietako batzuk, “oso profesional onak eta gainera pertsona bezala maila handikoak direla erakutsi didate”, aitortu du.

Hitzei dagokienez, Alaia Martin eta Ane Labaka bertsolarien hitzak musikatuz osatu ditu abestiak. Diskoa Haritz Harreguyren estudioan grabatu du.

Ander Zulaika (bateria), Jagoba Salvador (baxua) eta Mattin Saldias (gitarra) musikariekin batera, Salvadorrek bihar, osteguna, eskainiko du diskoaren aurkezpen kontzertua Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean. Gasteizen, berriz, hilaren 28an izango da, Ondarroan 31n, Bergaran otsailaren 4ean, Donostian otsailaren 7an, Zarautzen 11n, Barakaldon 18an, Amurrion 25ean, Elorrion 27an eta Irunen 28an. Kontzertu batzuetarako sarrerak agortu dira jada.

Zabaldu: