(argazkia: Tartean teatroa)

Asier Hernandezek eta David Manganak irabazi dituzte XVI. Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko sariak

Denetara 19 gidoi jaso dituzte edizio honetan. Hauetatik zazpi euskaraz izan dira.

Asier Hernandezek (Donostia, 1971) Kill, Ker eta Karma lanagatik irabazi du euskarazko saria eta David Manganak (Gasteiz, 1978) El muffin de Proust gaztelaniazko lanagatik.

Denetara 19 gidoi jaso dituzte Cafe Bar Bilbao Sariaren 18. edizio honetan. Hauetatik zazpi euskaraz izan dira.

Sari bakoitzeko irabazleek 400 euro jasoko dituzte eta, antzezlanak Cafe Bar Bilbaoren webgunean argitaratuko dituzte. Bestetik, Lautan Hiru Bilboko Zazpi Kaleetako antzerki laburreko jaialdiaren baitan, Hernandezen Kill, Ker eta Karma antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo da datorren martxoaren 4an Bira kulturgunean.

Kill, Kerra eta Karma lanak bat bateko transformazioa bizi duten hiru lagun aurkezten ditu. Guztiek heriotzari, pandemiari, euskara batuari, politikari, transformazio kafkianoari… buruz hausnarketa egingo dute, bakoitzak bere moduan, ordenarik gabe, inongo logikarik gabe, maitasunari eta erditu zituen amari kantu bat eskainiaz.

El muffin de Proust bere aldetik, topaketaren inguruko jolas eszeniko txiki bat da. Harremanak berez sortzen dira? Bilatzen dira? Behartu egiten dira?… Emakume bat eta gizon bat egunero gurutzatzen dira, goizean, etorbide batean. Egun batean, gizonak buelta eman eta emakumearen atzetik hasiko da. Neska konturatuko da eta bere atzetik joaten hasiko da. Nork bilatzen du nor benetan? Erakarpena eta nazka indarrak orekatzen hasi dira ‘Shock & Tira’ tabernaren pista inprobisatuan.

Teatro Laburreko sari honen ezaugarri nagusia formatu txikira egokitzen diren antzezlanak laguntzea da. Hau da, antzezlanaren beharrizan teknikoak eta artistikoak txikiak izan behar dira eta, banaketa eta ekoizpen errezekoak. Honekin batera, sari honen beste xedeetako bat dramaturgo hasi berriak laguntzea eta antzerkiaren munduan murgiltzen animatzea da.

Cafe Bar Bilbaok 2002tik egiten du Gidoi Laburren sari ezaguna eta, idazle  eta dramaturgo ugarik jaso dute dagoeneko merezitako errekonozimendua: Arantxa Iturbe, Lutxo Egia, Pako Aristi, Imanol Ituño de Miguel, Teresa Calo, Gaizka Sarasola, Mikel Mikeo, Fredi Paia, Aizpea Goenaga, Galder Perez eta Txema Trujillo izan dira horietako batzuk. Goitz Labandibarrek eta Javier Diez Carbonak aurreko edizion jaso zuten saria.

Zabaldu: