Taldeak bere beharretara egoki daitekeen beste proiektu bati eusteko inbertsio txikiagoa egiteko aukera izan du, eta haren aldeko apustua egin du, momentuko egoerak hala eskatzen baitu.
2017tik aritu da Elkar Taldea egungo beharrei erantzungo dien egoitza baten bila, hartu dituen eginkizun eta lanei behar bezala erantzun ahal izateko. 2018an, publiko egin zuen bazuela erronka berriei erantzungo dien egoitzarako proiektua. Michelin enpresarenak ziren eta Usurbilen kokatuta dauden lurretan eraiki asmo zuela egoitza lursaila Gureak Taldearekin batera partekatuta.
Ordutik, Elkar Usurbilgo lurretan egoitza berria egokitzeko proiektua lantzen aritu da, 2020ko martxora arte. Une hartan, “egoera berri batera etorri zen mundua, eta harekin batera Elkar bera ere bai. COVID-19aren ondorioz etorri den pandemiak Usurbilgo proiektua gelditzera behartu du, eta inbertsio txikiagoa behar duen beste planteamendu bat egitera”, adierazi du Taldeak. “Ez da gure gustuko erabakia izan, ez horixe”, Taldeak Usurbilen bere beharretara propio egokituta egoitza eraikitzeko aukera ikusten zuen. Baina “une honetako egoerak enpresa behartzen du baliabideak neurriz erabiltzera, ziurtatu behar baitu hurrengo urteetan bere jarduerak aurrera jarraituko duela eta lanpostuei eusteko gaitasuna izango duela”.
Taldeak baina, bere beharretara egoki daitekeen beste proiektu bati eusteko inbertsio txikiagoa egiteko aukera izan du, eta haren aldeko apustua egin du, momentuko egoerak hala eskatzen duelakoan. Horrenbestez, Usurbilgo proiektua alboratu eta beste proiektu bat lantzeari ekin dio Taldeak.
Adunan dagoen eraikin bat erosi du Taldeak, garai batean Unipapel izandakoa, eta 2021ean han kokatuko du bere egoitza nagusia. Bertan, zerbitzu zentral guztiak bilduko ditu: banaketa saila –logistika eta biltegia bere baitan hartzen dituela– eta argitaletxea bere zerbitzu guztiekin.
Pabiloia egokitzeko lanei ekingo zaie eta udaratik aurrera bertan kokatzen hastea du helburu Taldeak. Zerbitzu guztiak ez dira batera kokatuko, eta espero da urte beteko epean izatea egoitza bere osotasunean martxan, Elkar Taldeak dituen lan eremu guztiak bertan kokatuta. “Inoiz baino gehiago, euskararekin, euskal kulturarekin eta Euskal Herriarekin dugun konpromisoari eusteko beharra dugu, garai zail hauetan”.