Donostiako San Telmo Museoak Remigio Mendibururen ‘Txalaparta’ eskultura gehitu du bere bildumara

Mendibururen eskultura museoko Euskal Artea aretoan ikusgai jarri dute, eta eskultorearen obraren eta euskal artearen pieza esanguratsua da; baina bere izaera artistikotik harago, euskal kulturaren pieza ikonikoa ere badela nabarmendu dute.

San Telmo Museoak Remigio Mendibururen (Hondarribia 1931 – Bartzelona 1990) Txalaparta (1965) eskultura txertatu du bere bilduman eta erakusketa iraunkorrean. Pieza hau Mendibururen obraren eta euskal artearen pieza esanguratsua da, eta Ez Dok Amairu (1960-70) musika mugimenduaren ikono eta logoa izan zen. Artistaren familiari erosi dio museoak Txalaparta; Mendibururen lanak kontserbatu eta ezagutzera emateko lan garrantzitsua egiten du bere familiak, eta haiek erraztu dute ere Txalaparta San Telmo Museoko bildumaren parte izatea.

Museoak bazituen Mendibururen lanaren obra batzuk bere erakusketa iraunkorrean. Hala,  euskal arteari eskainitako aretoan, Burua (1979) eta Izenbururik gabe (1973-1974) daude ikusgai Donostiako museoan. Baina “Txalaparta obrak 60ko hamarkadako arte eta eskultura mugimenduari eskainitako eremua aberasten eta osatzen du”, San Telmoko arduradunen arabera, eta, era berean, garaiko artistek kultura tradizionalaren sinboloak unean uneko hizkuntzetara egokitzeko eta aldatzeko zuten interesa islatzen laguntzen du. Txalapartak Oteiza, Chillida, Amable Arias, Sistiaga, Zumeta, Basterretxea eta Ruiz Balerdiren lanekin partekatuko du espazioa museoan.

Zabaldu: