(argazkia: Euskaltzaindia)

Artekartu konpainiarentzat 2021eko Lautan Hiru laguntza, ‘Hauts artean’ lanagatik

Epaimahaiko kideen arabera, lan “zirikagarria da” Hauts artean. Gidoiaren “erritmo biziaz” gain, istorioak azken aldera erakusten duen “ezustea” ere nabarmendu dute. Lautan Hiru jaialdiaren hirugarren edizioa udaberrira atzeratu da.

2021eko Lautan Hiru laguntza Artekartu konpainiak irabazi duela iragarri du Euskaltzaindiak, Hauts artean lan laburrari esker. Urtzi Oleagak zuzentzen duen konpainiak 1.000 euroko saria eskuratuko du eta antzezlana aurtengo Lautan Hiru jaialdian estreinatzeko aukera izango du. Epaimahaiko kideen arabera, lan “zirikagarria da” Hauts artean lana. Gidoiaren “erritmo biziaz” gain, istorioak azken aldera erakusten duen “ezustea” ere nabarmendu dute epaimahaikideek.

Akademiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza hau sortu zuen iaz, euskarazko antzerkia sustatzeko helburuarekin, batez ere, lan laburren sorkuntzari laguntzeko.

Lautan Hiru jaialdia udaberrian

Euskaltzaindiak jakitera eman duenez, “iaztik pairatzen dugun pandemiak azken asteotan izan duen kaltezko bilakaera ikusita, otsailean egin behar zen jaialdiaren hirugarren aldia atzeratzea erabaki dugu”. Hori horrela, egoerak laguntzen badu, udaberrian izango da Lautan Hiruren hirugarren edizioa.

Bilboko jaialdi hau Euskaltzaindiak Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira Kulturak elkarlanean antolatzen dute, eta egitasmoaren helburu nagusia euskarazko antzerkia hauspotzea da, euskarazko sorkuntzari gune berriak eskainita; bide batez, Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, hiriko kultura-aukerak zabaltzeko asmoz.

Zabaldu: