‘2deo serieak’ programan parte hartzeko deialdia zabalik da

Deialdi honen bidez hiru proiektu aukeratuko dira. Izena emateko epea martxoaren 8ra arte egongo da zabalik.

Donostiako Tabakalerako 2deo laborategiak telesailak sortzen laguntzeko nazioarteko 2deo serieak programa berria abiatu. Deialdi honen bidez hiru proiektu aukeratuko dira, gutxienez bat euskaraz, eta horiek izango dira mentoretzaren xedea. Hurrengo hilabeteetan, aukeratutako pertsonek dosier bat prestatuko dute mentoreen laguntzarekin, eta ondoren Donostiako Zinemaldian aurkeztuko diete ekoizleei, banatzaileei edo inbertitzaileei, bereziki plataformei eta telebista-kateei.

Apiriletik irailera bitartean aurrez aurreko eta sareko saioak antolatuko dira, eta bertan talde bakoitzak gidoiaren analisia eta berridazketa, proiektu bakoitzaren ekoizpen- eta banaketa-estrategia eta eszenaratzea jorratuko ditu. Tabakaleran hiru eguneko egonaldia planteatzen da, ekainetik uztailera bitartean, proiektuak partekatzeko; epe horretan, saio bateratuetan lan egingo dute aukeratutako pertsonek eta mentoreek. Programaren azken zatian, Zinemaldiarekin bat etorriz, pitching saio bat egingo da, taldeek euren proiektuak sektoreko eragileei aurkezteko aukera izan dezaten, telesaila ekoizteko aukerak lortzeko.

Programa telesail-proiektu baten sortzaileei dago zuzenduta: ekoizle exekutiboari eta/edo gidoilariari. Eskatzailea proiektuaren ekoizle exekutiboa izango da, eta, horrez gain gidoilaria ez izatekotan, bat gehitu beharko du taldean.

Deialdian pertsona fisikoek hartu ahal izango dute parte modu indibidualean, deialdi honetan jasotako baldintzekin bat eginez.

Halaber, deialdian bi pertsona fisikok hartu ahal izango dute parte elkarrekin, euren harremana formalizatu beharrik gabe; kasu horretan, KGNZ/Tabakaleraren aurrean proiektuaren ordezkaria izango den pertsona bat izendatu edo identifikatu beharko da.

Eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkeztu ahal¡ izango du.

Balorazio-batzorde bat eratuko da proiektuak aukeratzeko, eta honako hauek osatuko dute: Aitor Gabilondo, Xabier Berzosa, Donostiako Zinemaldiaren ordezkari bat, EITBren ordezkari bat eta KGNZ/Tabakaleraren ordezkari bat, idazkaritza-lanak egiteko.

Hala, proiektuaren kalitateari eta sormenari emango zaie lehentasuna, baita egingarritasunari ere. Gizarte garaikidearen gaineko ikuspegia eta globaltasunaren anbizioa bateratuko dituen osagai berritzailea ere baloratuko da. Hautaketa-prozesuan zehar, batzordeak hautagaietako batzuk elkarrizketatu ahal izango ditu.

Izena emateko epea martxoaren 8ra arte egongo da zabalik. Apirilaren 5ean programa osatzeko aukeratutako hiru proiektuak jakinaraziko dira.

Deialdiaren oinarriak (PDF)

Zabaldu: