Alfonso Sastreren ‘Zutoian beltza’ obraren gaineko irakurketa dramatizatua egingo dute Bilbon

Olatz Beobideren zuzendaritzapean, “torturari buruz inoiz egindako irakurketa dramatizatua izango da Zutoian beltza”. Estreinaldia otsailaren 13an izango da Bilboko Bizkaia Aretoan.

Olatz Beobide aktore eta zuzendariak (Donostia, 1964) Zutoian beltza irakurketa dramatizatuaren estreinaldia eskainiko du datorren larunbatean, otsailak 13, Bilboko Bizkaia Aretoan. Beobidek Alfonso Sastre idazle, antzerkigile, gidoilari eta saiakeragile madrildarraren La columna infame (1986) antzezlana hartu du abiapuntu gisa ikuskizuna sortzeko. Oholtza gainean, Dorleta Urretabizkaia, Asier Hernandez eta Klara Badiola aktoreak ikusiko ditugu, Manu Gaigne eta Ander Merinoren ikus-entzunezkoen ekarpenarekin.

Sastreren lana Milanen girotuta dago 1630eko izurritean, eta torturaren aurkako alegatutzat jo daiteke. Fito Rodriguez eta Izaskun Arandiaren ekoizpenari esker taularatutako testua (IZAR Films), irakurketa dramatizatu gisa estreinakoz ikusteko aukera dugu otsaileko emanaldi honekin.

Alfonso Sastrek “1630ean Milanen altxatutako zutabe ospetsua” hartu zuen erreferentzia gisa, “torturatu, lepoa moztu eta, aldi berean, euren tormentuaren ondorioz beste batzuen salatzaile izan ziren bi herritar gaixoren zitalkeria betikotzeko, izan ere, ustez izurrite sasoi batean hiriko horma haietan substantzia kirasdun bat lohitzeagatik akusatuak izan ziren. Hura torturatzaileen zitalkeriaren monumentu bat bilakatu zen, azken batean”.

Gaur egun ere munduaren zati handi batean zeresana ematen duen gertakari bat salatzearen gainetik, egileak bere testuak garatzeko erabili duen “zuhurtzia, argitasuna eta umorea” obraren zuzendariarentzat ere proiektu honetan murgiltzeko akuilu apartekoa izan da.

Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen Masterraren ekitaldien barruan eskainiko du Beobidek errezitaldiaren estreinaldia, Bilboko Bizkaia Aretoan. Otsailaren 20an, berriz, Hondarribiko Udal Antzokira eramango du.

Sarrerak doakoak izango dira, baina aldez aurrretik izena eman beharko da, hemen.

Emanaldia streaming bidez ere jarraitu ahal izango da.

 

Zabaldu: