Kultura garaikidearen gainean hausnartzen duen ikus-entzunezkoen bilduma ikusgai

Hainbat jakintza-arlotako hogei pertsona ezagunek gure garaiko kulturari buruzko ikuspegi berezia eman dute. Ikus-entzunezko sorta Tabakaleraren webgunean izango da ikusgai. 

Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren bosgarren urteurrenaren baitan Tabakalera-denbora sortutako ikus-entzunezko sorta aurkeztu dute. Seriean, zientziaren, pentsamenduaren, artearen edo zinemaren munduan erreferenteak diren tokiko eta nazioarteko hogei bat pertsonek kulturaren zentzuari buruz hausnartzen dute, Tabakalera bezalako kultura garaikideko zentro batek egin dezakeen ekarpen sozialaren inguruan jarduteaz gain.

Ikus-entzunezko seriea egungo kultura-ereduari eta hitza bera birpentsatzeko beharrari buruz hausnartzeko ideiarekin sortu zen. Elkarrizketetan, parte-hartzaileek kulturarekin erlazionatutako hainbat gai aztertzen dituzte, hala nola herritarrek kulturan eta gure garaiko arazoak konpontzen modu aktibo batean parte hartzeko espazioak prestatzeko beharra, diziplinak gurutzatzearen garrantzia, artisten prestakuntza eta profesionalizazioa. “Halaber, denboraren kontzeptuak funtsezko balioa hartzen du, beharrezkoa baita edozein aldaketa sozial, zientifiko edo kulturali ekiteko”, adierazi dute.

Emaitza Tabakalera-denbora da, Morgancrea ekoiztetxeak garatutako ikus-entzunezko seriea. Bertan, Tabakalera ideien eta proiektuen sorleku gisa aurkezten da, aisialdi tradizionalaren eremua gainditzen duen topagune gisa, eta ideien laborategi gisa, gure garaiko erronkei erantzun eta estrategia berriak bilatzen dituena.

Tabakalera-denborak kulturaren etorkizunaren inguruko ikuspegi berri bat planteatzen du. Zentroaren bost urteak berrikusteaz haratago, bere helburua zentroaren baloreak kokatzea da; kultura-aniztasunaren, lankidetzaren, sorkuntzaren, esperimentazioaren, berrikuntzaren eta abangoardia kulturalaren balioak azaleraztea, alegia. Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiaren arabera, ikus-entzunezkoen bildumak etorkizunari begira jartzea proposatzen digu: “Erakundearen bosgarren urteurrenean etorkizun posibleak irudikatzen lagundu nahi izan dugu, Tabakalera-denbora programan parte hartu duten pertsonen begirada eta hausnarketen bidez”.

Proiektuaren lehen fasean, 2020ko uztaila eta iraila bitartean, Rosa Zufia kazetariak elkarrizketatu dituen 20 pertsona ezagunek parte hartu dute: Julio Le Parc, Itziar Okariz, Beatriz Setien, Beatriz Herraez & Miguel Zugaza (artea), Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi, Carla Simon, Isaki Lacuesta, Vigo Mortensen (zinea), Marina Garces, Daniel Inerarity (pentsamendua), Quadrature, Laia Sanchez (Medialab), Pedro Miguel Etxenike, Andoni Luis Aduriz, Gillermo Zuaznabar eta Eider Rodriguez.

Proiektuak jarraipena izango du parte-hartzaile berrien hausnarketak jasoko dituen bigarren fase batekin.

Inaugurazio mahai-ingurua

Ikus-entzunezko sailaren argitalpena gaur hasiko da, eta hasiera emateko jarduera bat izango da Tabakaleran: Beatriz Herraez Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoko zuzendariak, Itziar Okariz artistak eta Eider Rodriguez idazleak egingo duten solasaldia. Rosa Zufia kazetariak aurkeztuko du saioa. Doako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, eta ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da  hemen.

Ostegunean bertan argitaratuko da lehen ikus-entzunezko pieza Tabakalerako sare sozialetan eta Tabakalera onlinen, eta hamabostean behin argitaratuko dira gainerakoak kanal horien bitartez.

Zabaldu: