Film laburrik onena aukeratuko dute gai sozialak lantzen dituen nazioarteko lehiaketan. Izen-emate epea martxoaren 31ra arte egongo da zabalik.
Gazte Epaimahaia 18 eta 30 urte bitarteko 90 bat gaztek osatuko dute. Aurten, pandemiak ezarritako mugetara egokitzeko epaimahaikide gutxiago izango dira. Hala, apirilaren 23tik eta 30era egingo den Giza Eskubideen Zinemaldiaren 18. edizioaren baitan Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari saria emateko ardura izango dute.
Gazte Epaimahaian kide izateko www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunean izena eman beharko da martxoaren 31 baino lehen. Hurrengo egunean, hau da, apirilaren 1ean izena eman duten guztien artean zozketa egingo da, eta emaitza zinemaldiko webgunean emango dute ezagutzera.
Aurreko urteetan bezala, Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera emango duela nabarmendu dute antolatzaileek. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte. Gainera, epaimahaikide lana egingo duten gazteek Zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute.
Parte hartu nahi dutenek, Antzoki Zaharrera joan beharko dute apirilaren 22an, arratsaldez, film laburrak ikusteko saiora. Horretaz gain, Zinemaldian zehar, gutxienez, 18:30eko saioen %80ra joan beharko dira.
Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu. Lehiaketan hainbat herri eta nazioarteko zinemaldietako film laburrek parte hartuko dute. Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira; besteak beste, solasaldiak eta erakusketak.
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak giza eskubideen inguruan kontzientzia kritikoa bultzatzea du helburu; “bizikidetza aniztasunean, justizia sozialean, elkartasunean, askatasunean eta aukera-berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen laguntzeko”.