Luze eta motz, Ez dok ero, Koxkak, 35 huts eta Losers – Galtzaileak antzerki obrak taulatuko dituzte asteazkenetan, 19:00etan.
Otsailaren 24tik martxoaren 24ra bitartean IrriZiklo izeneko euskarazko umore zikloa antolatu dute Iruñean. Orotara bost saio jasoko ditu egitarauak eta denak asteazkenetan egingo dituzte, arratsaldeko 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan.
Hala, zikloari hasiera emateko, otsailaren 24an, Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik ‘Luze edo motz’ lana taularatuko dute. Ideia-truke batean “emakumeen” gaiak izango dituzte hizpide, alegia, nola jorratzen dituen gizarteak bizitzaren zenbait une, hala nola hilekoa eta menopausia, edo ligatzeko teknikarik onenak eta okerrenak… eta jakina, sexuaz ere hitz egingo dute.
Martxoaren 3an, berriz, Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreak oholtza gainera igoko dira Ez dok ero antzezlana jendaurrean aurkezteko. Telleriak eta Martinezek osatzen duten EzDok3 bikoaren lan guztietan bezala, ikuskizun honetan ere euskara eta euskal kultura dira protagonista nagusiak. Are gehiago, oraingoan, non gure imajinario kolektiboak eta kultur sinbologiak presentzia nabarmena duten. Tartean Teatroak azaldu duenez, “Euskal Antzerkiaren road movie eroa da Ez dok ero antzezlana, euskal kultura, euskal antzerkia eta euskal gizartearen irudi deformatua, barregarria eta aluzinatua eskaintzen duena”.
Martxoaren 10ean Pez Limboren Koxkak obraren txanda izango da. Hiru antzezlan laburrek osatzen dute pieza hau, eta denetan umorea izango da ezaugarri nagusia: Tripaki salda. Umore traidore xerra bat; Oilo ama. Ernaldiko umore nahasia; eta Boxers. Umore txakurra.
Esti Curiel, berriz, martxoaren 17an ikusteko aukera izango dugu 35 huts ikuskizunarekin. Umorea, rantxerak eta irrati nobela mexikar bat. 35 urte beteko ditu Asunek eta kaka eginda dago bere familian dagoen maldizio baten erruz. Maldizio honi aurre egiteko erantzun bila dabil eta bizitzaz sinistu dituenak zalantzan jarriko ditu, heriotzaz, amatasunaz, familiaz eta lanaz hausnartuz.
Aurtengo IrriZikloarekin amaitzeko, Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak Losers – Galtzaileak izeneko ikuskizuna taularatuko dute, martxoaren 24an. Imanol eta Sara adinean aurrera doaz, ia berrogei urte dituzte, eta gizarteak tenore horretara ailegatzerako gizakiei markatzen dizkien baldintzetatik bat ere ez dute betetzen: umerik ez, bikoterik ere ez eta diruz urri, etxebizitza bat erosteko aukerarik gabe… Horregatik, beren buruak galtzailetzat dituzte.
Emanaldi bakoitzerako sarrerak 4 euroan jarri dituzte salgai. Ziklo osorako bonua berriz, 15 euroan. Ikuskizunetako batera joan nahi dutenek Nafarroako Antzerki Eskolan bertan erosi ahal izango dituzte sarrerak edota www.laescueladeteatro.com webgunean.