Jon Zabala (Argazkia: EHU)

Ikerketa baten arabera, “euskal identitate eta ahalduntze kolektibo altua dutenek ongizate eta parte-hartze komunitario altuak dituzte”

AEK-k antolatzen duen Korrika ekinbidearen harira egin dute ikerketa.

Euskaldunekiko identifikazio sozialak eta ahalduntze psikologiko kolektiboak ongizate pertsonalarekin, sozialarekin eta parte-hartze komunitarioarekin duten erlazioa aztertu du EHUko Kultura, Kognizioa eta Emozioa ikerketa-taldeko Jon Zabalak eta euskaldunekiko identifikazio-maila altua eta ahalduntze-maila altua sentitzen duten banakoek ongizate-indize altuagoak dituztela ikusi du.

Identitate soziala ongizatearekin eta parte-hartze komunitarioarekin lotuta dagoen faktore bat da. Ikerketa batzuek frogatu dute identitate etnikoa ahalduntzearekin lotuta dagoela, eta bien arteko interakzioaren ondorioz altuagoak direla ongizatearen eta parte-hartze komunitarioaren indizeak. Erlazio horien izaera, berriz, baldintzatu egin dezake nork bere taldea gutxiengo gisa eta/edo baztertu gisa hautemateak. Hain zuzen ere, erlazio horiek gutxiengo egoeran eta/edo bazterketa egoeran dauden kolektiboetan gertatzen dira bereziki, baina ez hegemonikoagoak edo gehiengoak diren kolektiboetan.

Zabalak zeharkako ikerketa bat egin du 748 euskal herritarren identifikazio sozialak (edo identitate-fusioak) eta ahalduntze psikologiko kolektiboak ongizate pertsonalarekin, ongizate sozialarekin eta parte-hartze komunitarioarekin duten erlazioa aztertzeko.

Zabalak azaldu duenez, “ikusi dugu euskaldunekin oso identifikatuta edo fusionatuta sentitzen diren eta ahalduntze-maila altua duten banakoek ongizate pertsonaleko eta sozialeko eta parte-hartze komunitarioko indize altuak dituztela; berez, altuagoak dituzte fusiorik sentitzen ez duten eta ahalduntze-maila baxua duten pertsonek baino”. Bestalde, ikerketaren emaitzek iradokitzen dutenez, “identifikazio sozialak orekatu egiten du taldea gutxiengo linguistiko gisa sentitzeak eragiten dituen alderdi negatiboak”, dio ikerketaren egileak. Gainera, “hauteman dugu beren ingurunean euskaldun izatea gutxiengotzat hartzen duten pertsonetan, adibidez hirietan edo euskara hauskorragoa den lekuetan bizi direnetan, are garrantzitsuagoa dela euskaldunekiko identifikazioa sentitzea beren ongizaterako”.

Ahalduntze psikologiko kolektiboa

Ikertzaileak azaldu duenez, kulturaren eta bereziki hizkuntzaren arloan lortu diren aurrerapausoak bat datoz gizartea aldatzeko eta beren helburuak lortzeko euskaldunen kolektiboak duen botere-pertzepzioarekin. Nolanahi ere, “oraindik ere badira hainbat ahultasun-adierazle, hala nola euskararen egoera hauskorra eta egoera batzuetan hizkuntzari egiten zaizkion bereizkerien zenbait adierazle, zeinak euskararen eta, beraz, euskal identitatearen biziraupenerako mehatxu gisa har baitaitezke”, dio Zabalak.

Identitate sozialaren teoriaren arabera, “kolektibo bat gutxiengoan dagoenean eta bere identitateari dagozkion mehatxu indartsuak hautematen dituenean, identitatea aktibatu egiten da eta ahalduntze-prozesuak abiaraz ditzake” adierazi du Psikologia Fakultateko ikertzaileak. Beraz, euskaldunek oro har egoera sozioekonomiko ona badute ere eta hizkuntzarekin lortu dituzten aurrerapausoak kontuan izanik ere, litekeena da bai munduan bai Euskal Herrian gutxiengo linguistikoa izatearen kontzientzia lagungarri izatea euskaldunekiko identifikazioak eta, bereziki, ahalduntzeak faktore oso garrantzitsu gisa joka dezaten banakoen ongizaterako”.

Ikertzaileek lotura sendoa hauteman dute ahalduntze kolektiboaren eta ongizatearen artean: “Harritu egin gara halako faktore sozial batek hain lotura indartsua izatea ongizate pertsonalarekin “ dio Zabalak. “Ahalduntze psikologiko kolektiboa oso faktore garrantzitsua izan da, eta ikertzen jarraitu behar dugu”. Ikertutako kolektiboaren ezaugarriak ez dira ohikoak orain arte arlo honetan egin diren ikerketetakoekin alderatuta, batez ere, afro-amerikarren identitate etnikoa izan baita aztergai. Beraz, ikertzaileek diote lan hau baliagarria dela mundu mailan arlo honetan egin daitezkeen beste hainbat ikerketetarako.

Zabaldu: