50 urtetik gorako 30 argazki biltzen ditu erakusketak. Zinemaldiaren argazki-funtsetatik eta Kutxatekako bildumatik atera dira irudiak.
Lehen urratsak. Beste begirada batzuk Donostia Zinemaldiaren historia bisualari (1953-1970) du izenburu Donostiako Tabakaleran ikusgai dagoen erakusketa berriak. Antolatzaileek azaldu dutenez, “lehen urratsen” ideiak bi zentzu ditu: ·Zinemaldiaren lehen urratsei egiten die erreferentzia baina, aldi berean, Zinemaldia 70: historia posible guztiak (Z70) proiektuaren esparruan Zinemaldiaren argazki-ondarean murgiltzen garen lehen aldia ere bada. Erakusketak hausnarketarako bi bide irekitzen ditu, Zinemaldiaren estreinako edizioetako tentsioak aztertzeko: politikoak, generokoak eta klasekoak”.
Hala, alde batetik, erakusketa honek emakumeengan jartzen du arreta, baina izarren ohiko iruditik haratago doa: Zinemaldian parte hartu zuten emakumeak aurkezten zaizkigu, komunikabideen begiradatik urrun egon zirenak edota zinemaren historia ezarrian bazterrean utzitakoak, hala nola zuzendari edo gidoilari lanetan aritutakoak edo langileak berak. Erakusketan jaso dira, adibidez, Sail Ofizialean lehiatu ziren emakumezko lehen hiru zuzendarien argazkiak: Julia Solntseva (1965), Tatiana Lioznova (1966) eta Judit Elek (1969). “Erakusketak star zinematografikoak eraiki eta komunikabideen kontsumo eta miresmen objektu bihurtzeko mekanismoak ere aztertzen ditu. Adibide paradigmatiko gisa, erakusketan aztertzen da komunikabideek nola eraiki zuten Marisolen rola Pepa Floresekin, Donostian 1960an lehen aldiz agertu zenetik, hamabi urte baino ez zituenean, hurrengo urteetan izar ospetsu gisa egin zituen agerraldietara arte”.
Bestalde, erakusketak beste tentsio puntu bat ere aztertzen du: herritarren artean Zinemaldiak sortzen zuen ikusminaren eta ekitaldi ofizial gehienen esklusibotasun eta elitismoaren artekoa, alfonbra gorriaz haratagoko mundua erakusten duten argazki batzuen bidez. Era berean, Zinemaldiaren alderdi instituzionalenak erakusten ditu, bai eta diktadura frankistak egiten zuen instrumentalizazioa ere, erregimenaren nazioarteko erakustoki bezala erabiltzen baitzuen. Esate baterako, Carmen Polo eta erregimenaren beste handiki batzuk Zinemaldian erakusten dituzten irudiak, agintari zibil eta militarren presentzia ekitaldi ofizialetan, baina baita askatasunerako zirrikitu batzuk ere, hala nola Astorian 1968an egin zen Ama Lur filmaren proiekzio ospetsua.
Erakusketa apirilaren 24ra arte egongo da ikusgai Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan.