(argazkia: Donostia Kultura)

Haur eta gazteei zuzendutako hiru film eskainiko dituzte Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian

“Aurten, bizi dugun egoera dela-eta, haurrek ikastetxean bertan ikusi ahal izango dituzte filmak”. Giza eskubideen inguruko hausnarketa egiteko gida didaktikoekin osatzen da Terra Willy, Asto Erregea eta Gasteiz, martxoak 3 pelikulen eskaintza. Izena emateko epea zabalik dago martxoaren 26ra arte.

Terra Willy, Asto Erregea eta Gasteiz, martxoak 3 dira Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian ikastetxeei eskainiko zaizkien filmak. Donostiako zinema jaialdia apirilaren 23tik 30era izango da. Aurten Covid-19ak sortutako egoera dela-eta, saioak ez dira presentzialak izango: ikasleek geletan ikusi ahal izango dituzte filmak online bidez Zinemaldian zehar, apirilaren 26tik 30era bitartean. Eskaintza doakoa izango da eta ikastetxeek  www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunearen bidez eman ahal izango dute izena martxoaren 26ra arte. Antolakuntzaren arabera, “izen-ematea mugatua izango da aurreikusitako bistaratze kopurua bete arte”.

Urtero bezala, Giza Eskubideen Zinemaldiak filmak lantzeko gida didaktikoak prestatu ditu. Proiekzioak ikusi aurretik eta ondoren haur eta gazteak giza eskubideen inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da helburua.

Pelikulen gai nagusiak honako hauek izango dira: elkartasuna, ingurumenarekiko errespetua, parte-hartze soziala, demokrazia eta Gasteizen 1976ko martxoaren 3an poliziak hildako bost langileri buruzkoa.

Informazio gehiagorako: 943 48 19 75 / zinema_gizaeskubideak@donostia.eus

Zabaldu: