Moyra Davey, Lur Olaizola eta Laura Vallesen solasaldia martxoaren 6an

Gasteizko Artium Museoak Martxoaren 8rako jarduera programa aurkeztu du

Hilaren 5, 6 eta 8an, zenbait aurkezpen, proiekzio eta solasaldi egingo dira. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Moyra Davey, Esther Ferrer, Gema Intxausti, Lourdes Mendez, Laura Valles Vilches eta Lur Olaizolak.

Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna dela-eta, egitarau berezia antolatu du Gasteizko Artium Museoak, emakumeek praktika artistikoan duten presentziaren auziarekin loturiko hainbat alderdiri buruz gogoetatzeko; “emakumeek artean duten presentzia baita, hain zuzen ere, Museoaren proiektuaren zehar-lerroetako bat, haren lan eta ikerketa-esparru guztiak ukitzen dituena”, adierazi dute.

Hala, Bigarren bidea irekiko zaio publikoari. Bildumari buruzko Zeru bat, hamaika bide erakusketaren baitan antolatuko den ibilbide sortako berria da, eta artearen eta pentsamendu feministaren arteko loturak izango ditu oinarri: zehazki, erakusketaren garaian, 70eko hamarkadatik aurrera, mugimendu feministaren parte ziren artistak, zeinak jarri baitzituzten kolokan erakunde artistikoak eta sortu baitzuten beren garaikideen diskurtsoak eteten dituen iruditeria bat.

Ibilbide berri horrekin bat etorrita, Artiumek Praktika artistiko eta ikuspegi feministen dokumentazio zentroa jarriko du abian: mugimendu feministari loturiko praktika artistikoei buruzko ikerketaren eta hainbat belaunalditako euskal emakume artisten ekoizpenaren lagungarri izango diren iturri bibliografikoak eta dokumentazioa biltzeko, kontserbatzeko eta hedatzeko gune espezializatu bat.

Gainera, martxoaren 5, 6 eta 8an, zenbait aurkezpen, proiekzio eta solasaldi egingo dira. Horietan parte hartuko dute, besteak beste, Moyra Davey, Esther Ferrer, Gema Intxausti, Lourdes Mendez, Laura Valles Vilches eta Lur Olaizolak, baita Euskal Herriko Unibertsitateko Artea, ikerketa eta feminismoa ikerketa-taldeak ere.

Egitaraua ikusteko, hemen.

Zabaldu: