Nafarroako 29 herrik hartuko dute parte Antzerki Sareko zirkuituaren laugarren edizioan.
Nafarroako Antzerki Sarearen zirkuituaren laugarren edizioan 54 ikuskizun taularatuko dira, Nafarroako 29 herritan. Programazioa bi bloketan banatuko da: udaberriko programazioa (36 ikuskizun otsailetik maiatzera) eta udazkeneko programazioa (18 emanaldi irailetik urrira).
Antzoki Sarearen zirkuituaren helburua da kalitate gorenekoak diren eta hizkuntza berritzaileak dituzten konpainia profesionalen lanak zabaltzea; “gai sozialen aldeko apustua egiten duten lanak, gure egunerokotasunarekin bat egiten dutenak”, zehaztu dute. Bide batez, programaren helburuak betetzen dituzten Nafarroako ekoizpenetan jartzen dute arreta. Hala, laugarren edizio honetan programatuko diren 54 emanaldietatik 40 Nafarroako konpainia eta artistenak izango dira.
Nafarroako proposamenen artean hauek daude, besteak beste: Amico Teatro eta Acronica Producciones-en Transitos, Atikus Teatroren Maia , Saioa Belarra eta Xian Martinezen Aitzindariak, Malaspulgas konpainiaren Ilargiaren Atzean edota Helena Lizari eta Laida Aldazen Kirolak.
Nafarroakoak ez diren proposamenen artean daude Markeliñe konpainiaren Crusoe, Maria Parrato txotxongilo konpainiaren Alas, eta euskal gatazkaren inguruan murgiltzen den Pez Limbo konpainiaren Harri Orri Ar lana, besteak beste.
Emanaldiekin batera bestelako jarduera batzuk ere antolatuko ditu Antzerki Sareak, aurreratu dutenez, “emanaldi gehienetan publikoarekin topaketak egingo dituzte, emanaldiaren ostean. Hala, konpainiek beren sorkuntza prozesuei buruz hitz egin ahal izango dute, baita besaulkietatik sortzen diren zalantza edo bitxikeriei erantzun ere”. Zenbait herritan ere bitartekaritza jarduerak egingo dira emanaldiaren aurreko egunetan, lengoaia berri horietan sakonduko duten tailerren bidez.
Zirkuitua asteburu honetan abiatuko da, otsailaren 27an, Zangozako Karmengo Auditorioan taularatuko den Amico Teatro eta Acronica Produccionesen Tronsitos lanarekin, eta otsailaren 28an, Ribaforadako Auditorioan, Ados Teatroa eta Asinsounden Viejos Mundos Nuevos obrarekin.
Zirkuituari dagokion informazioa Nafarroako Antzoki Sarearen webgunean eta sare sozialetan kontsulta daiteke.
Egitarau osoa, hemen.