Leire Bilbao idazlea (argazkia: Kultur Sharea)

Irakurketa poetikoen ziklo bat abiatuko da gaur, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean

Leire Bilbao idazlearen emanaldiarekin abiatuko da Poetika zikloa. Ondarroako idazlearekin batera, Yolanda Arrieta idazlea eta Claudia Alduncin Musikeneko klarinetistaren musika izango dira.

Poetika izeneko poesia ziklo berria aurkeztu dute, gaur, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Zikloa gaur bertan abiatuko da eta ekainera arte luzatuko da. Ekimenak lau poetek eskainitako lau errezital eskainiko ditu guztira, nork bere bertsoak irakur ditzan. Antolatzaileek azaldu dutenez, “emanaldiaren aurretik, sarrera bat egongo da, literatura-kritikariek eta poesian adituek egina, zeintzuek sartu-irten bat egingo baitute aurkeztutako obra poetikoaren ezaugarri nagusietan”. Gainera, errezitalean Musikeneko ikasleek zenbait pieza musikal interpretatuko dituzte.

Zikloa gaur hasiko da Leire Bilbao idazle ondarrutarraren emanaldiarekin, eta poemak Yolanda Arrietaren laguntzarekin irakurriko ditu. Musikeneko Claudia Alduncin ikasleak klarinetea joko du emanaldian.

Apirilaren 15ean, berriz,  Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren txanda izango da arratsaldeko 19:30ean. Maiatzaren 12an, ordu berean,  Itziar Minguezek parte hartuko du, eta zikloarekin amaitzeko, ekainaren 23an, Juan Manuel Uriak hartuko du lekukoa arratsaldeko 19:30ean. Emanaldietara hurbildu nahi duenak izena eman beharko du aldez aurretik, 943 11 28 93 (08:30etik 14:30era) telefono zenbakira deituz edo programazioa@gipuzkoa.eus helbidera idatziz.

Zabaldu: