Hilaren 16, 17 eta 18an izango dira zuzenekoak Gasteizen. Edukiera mugatua izango da kontzertuetarako. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira kontzertuak zuzenean.
Olatz Salvador, Kai Nakai eta Dupla dira hilaren 16, 17 eta 18an Kulturunea programan parte hartuko duten talde eta bakarlariak. Vital Fundazioak eta Gaztea irratiak aurkeztu dute ekimena gaur, Gasteizen. Iaz urtean pandemiari aurre egiteko sortu zen ekimenaren emaitza ona ikusita erabaki dute bigarren edizio hau antolatzea. “Artearen mundua sustatzeko eta dinamizatzeko, eta publikoa berriz erakartzeko sortu zen saioa”, azaldu dute. Aurten, bi berrikuntza dakartza Kulturunea programak: “adin-tarte gazteago bati zuzendutako emanaldiak dira, eta bestalde, edukiera mugatua ere izango da aretoan kontzertuak ikusi ahal izateko”. Saio bakoitzaren sarrera 5 eurokoa izango da eta Vital Fundazioaren webgunean (www.fundacionvital.eus) eskuratu ahal izango dira.
Olatz Salvador abeslari eta musikaria izango da oholtzara igotzen lehena, apirilaren 16an, 19:30ean. Donostiarrak Aho uhal (2020, Airaka) izeneko diskoa aurkeztu berri du.
Hilaren 17an, berriz, Kai Nakairen txanda izango da. Iratxe Aguilerak Durangoko Azokan Sormen Beka irabazi zuen iaz eta horri esker, Baimenik gabe izeneko lana kaleratu zuen.
Azkenik, apirilaren 18an, Dupla (Gari Uriarte eta Beñat Oribe) Aguraingo bikoak eskainiko du zuzenekoa. Nekazal ingurunean musika urbanoa egiten duen taldea da Dupla.