(rudia: 'News From Home' filma)

Zinema Feministaren Historiak zikloa abiatuko da larunbatean, Gasteizen

Chantal Akerman, Josefina Molina, Margarita Ledo, Diana do Teixeiro, Helke Sander, Nina Menkes eta Claire Simon zuzendarien filmak proiektatuko dituzte.

Gasteizko Artium Museoak datorren larunbatean emango dio hasiera Zinema Feministaren Historiak zikloari Chantal Akermanen News from Home (1977) filmarekin. Ekimenak emakume zinemagileak eta haien filmak aurkeztea du helburu, izan ere, “zinemaren historia kanonikotik kanpo geratu dira eta aldarrikatu beharra dago”, adierazi du antolakuntzak. Iazko edizioak ibilbide kronologiko bat proposatu bazuen ere, bigarren honek zinemaren beraren bidez filmen arteko harremana eraiki nahi du.

Edizio berri honetan Akermanen filmarekin batera, Josefina Molina, Margarita Ledo, Barbara Hammer, Diana do Teixeiro, Helke Sander, Nina Menkes eta Claire Simon zuzendarien lanak izango dira ikusgai. Film bakoitzaren proiekzioaren aurretik, zinemaren, artearen edota literaturaren munduarekin lotutako pertsona batek zuzendariaren aurkezpena egingo du.

Hala, Ainhoa Gutierrez zinemagileak News from Home filma zuzendu duen Chantal Akermanen ibilbidea aurkeztuko du larunbat honetan, hilak 10. Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiaren zuzendariordeak, berriz, Función de noche filma zuzendu duen Josefina Molinaren berri emango du, maiatzaren 8an. Ekainaren 5ean Margarita Ledok zuzendutako Nación lanaren txanda izango da.

Zikloak uda ondoren jarraituko du, Barbara Hammer-en Audience (1983) eta Xiana do Teixeiroren Tóda las mulleres que coñezo (2018) filmak protagonista izango dituen saio banarekin; Irati Crespo zinema-ikertzaile, -kritikari eta -komisarioak aurkeztuko ditu. Ondoren, Lola Hinojosak Helke Sander-en The All-around Reduced Personality – Redupers (1978) filma aurkeztuko du, Ainara Elgoibar artistak Nina Menkesen Queen of Diamonds (1991)  filma eta Katixa Agirre idazleak Claire Simonen Mimi (2003) .

Proiekzio guztiak Artiumeko Emanaldi aretoan izango dira, 18:30ean, ordu erdi lehenago zuzendarien aurkezpena egingo da. Sarrerak salgai daude jada 2 euroan eta ziklo osorako bonoa 7 euroan. Edukiera mugatua izango denez, sarrerak aldez aurretik eskatu beharko dira 945 20 90 20 telefonora deituta.

Zabaldu: