(argazkia: oihaneder)

Oihaneder Euskararen Etxeak gogotsu heldu dio udaberriko egitarauari

Hogei jarduera inguru prestatu dituzte, eta gehienetan nabarmentzekoa den ezaugarri amankomun bat izan dute helburu: Elkarlana.

Oihaneder Euskararen Etxeak sei urte daramatza apiril, maiatz eta ekaineko hilabeteetan Gasteizko hainbat eragilerekin jaialdi ezberdinetan kolaboratzen, “elkarlanean aritzen”. Horren adierazgarri dira aurtengoan ere antolatu dituzten Poetak Maiatzean, Zurrunbilo, IkerGazte, JalgiVoz eta Laburbira. Horretaz gain, beste hilabete batzuen jarraipena izango dutenak ere badira udaberriko egitarauan: Begi-Belarri, Hitz Adina Mintzo, Eragiteko Janzten, Ahoskera Laborategia eta Batera deialdiko aurkezpen publikoak.

Jaialdiak, jardunaldiak, aurkezpenak, zinema zikloak, topaketak, mahainguruak, ikastaroak… Guzti hauek kulturgintzako eta euskalgintzako beste eragile batzuekin elkarlanean antolatu dituzte: GEU elkartea, Baratza aretoa, Parasite kolektiboa, Topagunea, UEU, Hunkitu arte elkartea, IKA, AEK, Gauekoak, ALEA, JALGI!VOZ festival eta abar. “Dozena bat elkarte, talde, kolektibo, erakunde… eta hauetan guztietan norbanako euskaltzale eta kulturzale ugari temati; kultura segurua dela erakutsi nahi duten eragileak, euskal kultura balore segurua dela ozen aldarrikatu nahi duten eragile tematiak”, adierazi dute Oihanederreko lagunek.

Berrikuntzak

Berrikuntzak ere izango dira hiruhilabeteko honetan. Taulara mikroantzerki lehiaketaren lehenengo edizioa da horren adibide. Formatu txikiko antzezlan eta bakarrizketentzako deialdi irekia da Taulara. Lehiaketa honek euskarazko antzezlan laburren sormena suspertu nahi du, eta aldi berean, antzerki munduko norbanakoei eta taldeei antzezlan laburrak garatzeko aukera berri bat eskaini. Hiru lan aukeratuko dira jasotako proposamen guztien artetik eta bakoitzak 600 euroko saria jasoko du. Lan irabazleak ekainaren 18an aurkeztuko dira Euskararen Etxean, eta ekitaldi honetan, hain zuzen, emango da laugarren saria, publikoarena. Proposamenak bidaltzeko epea martxoaren 29tik maiatzaren 3ra arte egongo da zabalik, biak barne.

Oihanederren webgunea informazio iturri zehatza izango da: “eguneratuta egongo da, behin betiko informazioa emango du, eta pandemia egoerak sortzen dituen azken orduko egokitzapenak bertan eguneratuko dira”, azaldu dute.

Udaberriko programazioko jarduerak doakoak diren arren (ikastaro eta jardunaldiak izan ezik), gonbidapena aldez aurretik eskuratu beharko da ohiko moduak erabilita (oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita, telefonoz eskatuta edota webgunearen bidez). Ikastaro eta jardunaldiei dagokienez, aurretik izena eman beharko da.

Zabaldu: