(Donostia Kultura)

‘Leihoak zabalik’ erakusketa paratu dute Donostiako Okendo Kultur Etxean

Erakusketa maiatzaren 12ra arte bisitatu ahal izango da.

Iraia Okina, Leire Salaberria, Maite Gurrutxaga, Paula Estevez eta Sandra Garayoa artisten obrekin osatutako Leihoak zabalik erakusketa paratu dute Donostiako Okendo Kultur Etxean, maiatzaren 12ra arte. “Erakusketa hau hemengo artistei zabaldu nahi izan zaie, aldameneko etxean bizi arren sarritan ez baititugu ezagutzen”, adierazi dute antolatzaileek.

“Itxialdian, konturatzen hasi ginen, batzuetan aurreneko aldiz, nolako jendeak, paisaiak eta eguraldiak inguratzen gintuzten. Meteorologia-, musika- edo gizarte-behaketaren aditu hasiberriak izatera ere helduko ginen batzuk. Leihoek errealitatearekin konektatzen laguntzen ziguten; eta errealitate horrek, gogorra izan arren, itxaropena ekartzen zigun, eta gizatiarragoak, konprometituagoak, eta, askotan, apur bat sortzaileagoak ere egiten gintuen.

Baliteke gutako batzuek ikuspuntua aldatzea, bestelako begiekin begiratzea beren etxeari eta elkarturik asteak eman beharreko jendeari, edo beren leku propioa begiztatzea beste leiho askoren artean. Baziren nobedade erromantikoen bila ibiltzen zirenak, edo maitasun gutxiagokoen bila; beste batzuk detektibeak ziren, patioetan zabaldutako arroparenak, edo pareko bizilagunen geletan sakabanatutako jostailuenak.

Baziren gure artean naturaren maitaleak, hegaztien askatasunaren miresleak edo baso, ibai, hondartza eta mendietan aprobetxatu gabe geratzen zen udaberriaren nostalgikoak. Etengabe erreparatzen genion geure buruari etxeen barruan eta etxeko leihoetan, eta ezin genuen asmatu zer zen geure buruen gainean zabaltzen zen tristura goibel hura, apirileko eta maiatzeko argia are ederragoa agertzen baitzen gure balkoietako beirak eta loreak laztanduz”.

Okina, Salaberria, Gurrutxaga, Estevez eta Garayoaren obrekin batera, Katarzyna Lebiedzinskaren Gogoratzen naizenetik marrazten dut liburuko testuak ere irakurgai daude erakusketan. Euskal ilustratzaileekin elkarrizketan liburukoak dira testu hauek, eta Koro Navarrok euskaratu ditu.

Erakusketa Donostiako Okendo Kultur Etxean bisitatu ahal izango da maiatzaren 12ra arte. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era. Jaiegunetan itxita egongo da.

Zabaldu: