Ekimena emakumeen ahalduntzean pauso bat gehiago emateko helburuarekin jaio da. Bi saio eta finala izango ditu: sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian izango dira eskuragai.
Hainbat emakume bertsolarik eta bertsozale feministek I. Señora Sariketa antolatu dute, emakumeen ahalduntzean pauso bat gehiago emateko helburuarekin. Sariketa honek bi saio eta finala izango ditu: Apirilaren 17an, Aramaion, apirilaren 24an Mutrikun eta maiatzaren 8an Lesakan.
Orotara hamalau emakume bertsolarik hartuko dute parte lehen bi saioetan. Saio bakoitzetik bina bertsolari sailkatuko dira finalerako, eta, lau horietaz gain, antolatzaileek adierazi dutenez, “señora izateagatik” dagoeneko sailkatuta dauden beste bi bertsolari arituko dira; “ez dugu jakingo nortzuk diren eguna iritsi arte”, zehaztu dute.
Sariketaren lehenengo kanporaketa Aramaioko kultur etxean izango da datorren larunbatean, 17:00etan hasita: Alazne Untxalo, Haizea Arana, Itxaso Piquer, Maddi Aiestaran, Miren Artetxe eta Oihane Perea arituko dira. Ainhoa Urien izango dute gai-jartzaile.
Bigarren kanporaketa Mutrikuko Kalbarioko ermitan izango da apirilaren 24an, ordu berean: Ainhoa Agirreazaldegi, Aissa Intxausti, Oihana Arana, Oihana Bartra, Paula Amilburu eta Saioa Alkaiza arituko dira bertsotan. Maite Berriozabalek, berriz, saioa gidatuko du.
Saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragarri. Ekimena zenbait emakume bertsolarik eta bertsozale feministek antolatu dute, eta Bertsozale Elkarteak babesten du.