Lau saio izango dira eta bakoitzak bertsolaritzari loturiko gai bat izango du oinarrian. “Bertso saio arruntetik harago, zalea parte hartzera gonbidatu nahi dugu”.
Gerturatu Eta Lau izeneko ekimena jarriko du martxan maiatzean Bertsozale elkarteak. “Beti esan izan da bertsolaritza taldeko ekintza dela, baina zenbateraino aztertu dugu taldetasun hori? Nolakoa litzateke bertsolaritzaren egitura bera feministagoa, kooperatiboagoa eta horizontalagoa balitz? Bertsolaritza elementu askok osatzen dute, eta batzuetan joera izaten dugu elementu horiek era isolatuan aztertzeko. Bertsolaria eta gai-jartzailea. Bertsolaria eta entzulea. Kantatzen dena eta kantatzen duen gorputza. Testua eta kantaera. Muga zurrunak ezarri ordez horiek lausotu eta bertsolaritza beste leku batetik biziko bagenu, ez ote genuke sorkuntzarako leku eta bide berririk aurkituko?”. Galdera horiei guztiei erantzuteko asmoz sortu da ekimena. “Urrutitik begiratu izan ditugun pieza horien arteko harremana beste modu batean lantzeko ahalegina egiteko asmotik”. Izenak berak dion moduan, lau saio izango dira, eta bakoitza bertsolaritzari dagokion gai batean oinarrituko da: bertsolarien eta entzuleen erabakimena, kantaera eta gorputzen arteko harremana.
Maiatzaren 6an, 11n, 18an eta 25ean izango dira saioak. Sarrera doakoa izango da, baina aurretik izena eman beharko da saio bakoitzari dagokion izen-emate orria betez.
Gerturatu Eta Lau denentzako esperimentua izango dela nabarmendu du Bertsozalek, horregatik, bertsozaleek ere saioetan parte hartzera animatu nahi izan dituzte. Saio bakoitzaren aurretik, entzuleei saiorako jarraibideak emango zaizkie, eta, horrela, saioa osatzeko ardura ez da bakarrik bertsolariena edo gai jartzaileena izango: “guztion artean osatuko dugu ikuskizuna”.
Saioetan izena emateko www.bertsozale.eus webgunearen bidez egin beharko da.